Itxi

Gizartea

Emakumeen aurkako indarkeria

'La Manada'ren biktimaren datuen argitalpena igorri dio Poliziak epaitegiari

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Datu pertsonalak zabaldu dituzten argitalpenak batu ditu Polizia Nazionalak, eta epaitegira bidali, 'La Manada' auziaren epaiak espresuki debekatzen baitu biktimaren datuak zabaltzea.

  • 'La Manada'ren epaiaren aurkako protestak. Artxiboko irudia. Argazkia: EFE

    'La Manada'ren epaiaren aurkako protestak. Artxiboko irudia. Argazkia: EFE

2016ko Iruñeko sanferminetan bost gaztek bortxatutako biktimaren datu pertsonalen inguruko argitalpenak bildu ditu Polizia Nazionalak, eta 'La Manada' auzia ebatzi duen epaitegira bidali ditu.

Polizia-iturriek EFEri jakinarazi diotenez, biktimaren datu pertsonalak zabaldu dituzten sare sozialetako argitalpenak batu ditu Polizia Nazionalaren Internet Bidezko Delinkuentzia Taldeak, ohar informatiboa idatzi eta guztia epaitegira bidali du, 'La Manada' auziaren epaiak espresuki debekatzen baitu biktimaren datuak zabaltzea.

Polizia talde horrek ikertu du sare sozialetako foroetan eta plataformetan biktimaren datu pertsonalak eta pribatuak eskegi ote diren, esaterako bere NANa edo argazkiak, horren zabalpena "zigor daitekeelako".

Joan den asteazkenean gutxienez bi forotan zabaldu omen zituzten datu pertsonalak, hala nola izen-abizenak, eta biktimaren argazkiak, sare sozialetako profilekin batera, zenbait komunikabide digitalek asteazkenean argitaratu zutenez. Geroago, datu horiek ezabatu egin zituzten, baina beste foroetan ostiral honetan bertan agertu dira berriro.