Gizartea
Emakumeen aurkako indarkeria
'La Manada'ren biktimaren datu pertsonalak argitaratu ote dituzten ikertzen ari dira
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez bi forotan zabaldu omen dituzte datu pertsonalak, hala nola izen-abizenak, eta biktimaren argazkiak, sare sozialetako profilekin batera.
-
Elkarretaratzea Madrilen. Artxiboko argazkia: EFE
'La Manada'-ren biktimaren datu pertsonalak azken orduetan argitaratu ote dituzten ikertzen ari da Espainiako Poliziaren Ziberdelinkuentzia Unitatea.
Kontu ofizialean argitaratutako txio batean jakitera eman duenez, 'La Manada'-ren biktimaren datu pertsonal eta pribatuak, NAN, besteak beste, zabaldu dituzten ikertzen ari dira.
"Sarean, eta benetako munduan, EZ du guztiak balio", adierazi du Espainiako Poliziak mezu batean, sare sozialean; “#Errespetua” traolarekin lagunduta.
Gutxienez bi forotan zabaldu omen dituzte datu pertsonalak, hala nola izen-abizenak, eta biktimaren argazkiak, sare sozialetako profilekin batera, zenbait komunikabide digitalek asteazkenean argitaratu zutenez.
Biktimaren inguruko informazioa argitaratzeagatik zenbait komunikabideren “arduragabekeria” salatu dute Andrea eta Astelehen Lilak kolektibo feministek. Horregatik, neurriren bat hartzeko eskatu diete kazetarien elkarteei.
Duela astebete eskas “justizia patriarkalaren amaiera” aldarrikatu zuten kaleetan, “haserre, engainaturik, amorraturik; 'La Manada' auziaren sententziak bortxaketa aitortzen ez zuelako”. Astebete geroago “beste osagai patriarkal” bat agerian geratu da, kritikatu dutenez.
Kasu honetan, “arduragabekeria askoz handiagoa da”, gaineratu dute; izan ere, Estatuko komunikabide batzuek instrukzioan eta epaiketan zehar datuak argitaratu dituzte, eta hari-mutur guztiak lotu ondoren, biktimaren informazio konfidentziala argitara eman dute bi webgunek.
Horrela, biktimaren argazki bat argitaratu eta ikasten ari den unibertsitatea, karrera eta bizi den auzoaren berri eman dituzte, feministek salatu dutenez.
Bestalde, zigortuen askatasuna ostegun honetan edo ostiralean eskatzeko asmoa agertu du Agustin Martinez Becerra 'La Manada'-ko lau kideren abokatuak, prozedurak helegiteen aurkezpenarekin aurrera jarraitzen duen bitartean.
Nafarroako Lurralde-auzitegiko Bigarren Sekzioaren aurrean egingo dute eskakizuna. Abokatuak azaldu duenez, aske uzteko eskaera ostegunean edo ostiralean erregistratzea espero dute, baina datorren astelehenera arte atzeratzea ez du baztertu.