Gizartea
'La Manada' auziaren epaia
NBE: 'La Manada auziaren epaiak bortxaketaren larritasuna gutxiesten du'
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sexu jazarpenari lotutako gaietarako Nazio Batuen Erakundeko taldeak esan du ebazpen horrek "emakumeen eskubideak babesteko betebeharra" urratzen duela.
-
'La Manada' taldeko bost zigortuak. Argazkia: EiTB
Nazio Batuen Erakundeak 'La Manada' auziaren epaiketako epaia gogor kritikatu du, "bortxaketaren larritasuna gutxietsi" egiten duela eta "emakumeen eskubideak babesteko betekizuna" urratzen duela esanez.
Hala adierazi du Purna Sen sexu jazarpenari lotutako gaietarako Nazio Batuen Erakundeko koordinatzaile eta bozeramaileak agiri baten bidez.
Ebazpen horrek gizartearen haserrea eragin du, 2016ko sanferminetan, Iruñean, 18 urteko neskari egindako erasoa sexu-gehiegikeria izan zela, eta ez bortxaketa, esateagatik.
"Epai arin horrek bortxaketaren larritasuna gutxietsi egiten du eta emakumeen eskubideak babesteko betekizuna urratzen du", dio oharrak.
Senen esanetan, "giza-eskubidek inpunitatez urratuta, bortxaketaren kultura bultzatzen da eta biktimak epaitzen dira; sexu jazarpenak eta erasoak globalak dira eta horrek edozein erakunde edo herrialderen gainean du eragina", erantsi du.
"Gehiegi dira entzuten ez dietela eta sinesten ez dietela uste duten emakumeak", deitoratu du.
Ildo horretan, azpimarratu egin du sexu-erasoak salatzeko urratsa ematen duten emakumezkoen balentria eta biktimen "isiltasuna apurtzeko" sare sozialetan egindako kanpainen (#MeToo eta #TimesUp) garrantzia nabarmendu du.
Amaitzeko, eta aldaketa lortuko bada, gizonezkoei dei egin die euren boterea eta jarrerak aztertzeko eta jarrera matxistak dituzten gizonezkoei aurre egiteko.