Gizartea
'La Manada'ren aurkako epaia
Justizian dauden irregulartasunez ohartarazi behar duela uste du Catalak
Agentziak | Erredakzioa
'La Manada'ren aurkako epaiaren osteko eztabaidaren aurrean ez dela "itsua, gorra eta mutua" izan behar esan du ministroak. Sanchezek akusazioa argitzeko edo "isilik" egoteko eskatu dio Catalari.
-
Rafael Catala, 'La Manada'ren aurkako epaiaren kontrako protesta batean / EFE.
Rafael Catala Justizia ministroaren arabera, 'La Manada'ren aurkako epaiaren ostean sortutako eztabaidaren aurrean ez da "itsua, gorra eta mutua" izan behar, eta bere betebeharra Justizian egon daitezkeen irregulartasunez ohartaraztea dela defendatu du, Botere Judizialak erantzun dezan.
Ministroak esan zuenez, "jakina da" Ricardo Javier Gonzalezek, kontrako botoa eman zuen epaileak, "arazo berezi bat duela", eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak "lehenago jardun behar zuen" bere kontra. Horrek epaile eta fiskalen zazpi elkarteen erantzuna ekarri zuen. Dimititzeko eskatu zioten Catalari.
Catalak esandakoa defendatu du El Pais egunkarian. "Nire eginbeharra Kontseiluari erantzun dezala eskatzea da, nik ez baitut hipokresia jokoetan parte hartuko, magistratu horri buruzko datuak haiek dituzte eta; nik ez daukat xehetasunik, baina badakit bere lankideek oso kezkatuta kontatu didatena", esan du.
"Zergatik ezin dut neska gazte baten aurkako erasoari buruzko epaiaren ostean sortu den eztabaitan parte hartu, sektore honen parte banaiz? Ez naiz itsua, gorra eta mutua izan behar", galdetu du Catalak, eta gehitu du: "Zergatik epai horri eta beste batzuei buruzko iritziak eman ditzakete elkarteetako epaileek, eta niri eskubide hori ukatzen didate?".
"Independentzia judiziala" errespetatzen du ministroak, baina esan duenez, horrek ez du esan nahi "Justiziaren funtzionamenduaren inguruan hitz egin ezin duenik". Epaiaren aurkako Madrileko manifestazioa Justizia Ministerioaren egoitzan bukatu zela goratu du, "eta ez Kontseiluan".
Bestalde, Pedro Sanchez PSOEko buruak Ricardo Javier Gonzalez epailearen aurkako akusazioa "argitzeko" edo bestela "isilik" egoteko eskatu dio Rafael Catalari.