Itxi

Gizartea

Salaketak

Hollywooden ere gaitzetsi dute ‘La Manada’-ren epaia

eitb.eus

Jessica Chastain eta Rose McGowan aktoreek epaileen erabakia salatu dute euren sare sozialen bitartez.

  • Jessica Chastain 2018ko Urrezko Globoetan. EFE.

    Jessica Chastain 2018ko Urrezko Globoetan. EFE.

‘La Manada’ taldearen epaia argitaratu ostean, hainbat aktorek erabaki judiziala gaitzetsi dute sare sozialetan, eta sumin hori Hollywoodera ere iritsi da. Haserrea adierazten azkena Jessica Chastain aktore eta produktorea izan da, Twitterren duen kontuan.“Ez da abusua, bortxaketa da”, azpimarratu du.

“Bost ezezagunek autora heltzen lagunduko ziotela esan zioten nerabe mozkor bati. Hori egin beharrean, beste leku batera eraman zuten, eta taldeka bortxatu zuten”, azaldu du. Eta geldirik egoteak eta begiak itxita edukitzeak ez duela onespena esan nahi gaineratu du.

Beste mezu batean, aktoreak gogorazi du espainiar legediak bereizi egiten dituela sexu abusua eta bortxaketa: “Lehenengoan ez da beharrezkoa indarkeriarik eta larderiarik egotea”. Ondoren, galdera bat egin du txioan: “Ez da mehatxurik egon? Bost ezezagunek emakume mozkor bat leku ezezagun batera eramatea oso beldurgarria da. Zenbat emakume hiltzen dituzte urtean?”.

Bestalde, Rose McGowan-ek, Harvey Weinsteinen abusuak salatu zituen aktoreetako batek, ere epaia kritikatu du bere sare sozialetan, eta protestei buruz BuzFeed webgunean egindako albiste bat partekatu du.

Hori horrela, Jessica Chastainek eta Rose McGowanek bat egin dute aktore espainiarren protestekin. Izan ere, Estatuan hainbat aktorek salatu dute epaia: Penelope Cruz, Leticia Dolera, Natalia de Molina, Aura Garrido, Paz Vega, Blanca Portillo, Maria Valverde, Maribel Verdú, Paula Echevarria, Anabel Alonso, Ursula Corbero eta Aitana Sanchez-Gijon. Besteak beste, hauek txiokatu dituzte: “Nik sinesten dizut”, “Ez da abusua, bortxaketa da” eta “EZ beti da EZ”.