Gizartea
Bigarren protesta eguna
Milaka lagun kalera atera dira, 'La Manada' taldearen epaia gaitzesteko
Agentziak | Erredakzioa
Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean elkarretaratzeak eta protestak izan dira "La Manada" taldearen kasuak eragindako haserre bizia erakusteko.
Milaka pertsonak, emakumeak gehienak, elkarretaratzeak egin dituzte ostiral honetan EAEko hiriburuetan eta Iruñean, Nafarroako Auzitegiak "La Manada" taldearen epaiketa dela eta hartutako erabakia irmotasunez gaitzesteko.
Atzo, "La Manada" taldekoei 9 urteko kartzela-zigorra ezarriko zietela jakin ondoren izandako protesta jendetsuen ostean, gaur, emakumeak berriro Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko justizia jauregien aurrean bildu dira.
Hori horrela, Bilboko auzitegien aurrean 2000 lagun baino gehiago bildu dira, gehien bat emakumeak.
Talde feministek deituta, "Ez da abusua, bortxaketa" dela aldarrikatu dute oihuka, eta Buenos Aires kalea itxi dute, hor baitago Bilboko Justizia Jauregia. Gainera, manifestariek lelo bera zuen pankarta bat zabaldu dute.
Andrea izeneko manifestari baten hitzetan, emakumeok, alde batetik, "lotsa sentitzen dugu" epai horrengatik; bestetik, "urduri, triste eta amorruz beteta gaude, baina indartsuak gara eta Iruñeko biktimari gure solidaritatea erakusteko asmoa daukagu".
Gasteizko gaurko elkarretaratzea. Argazkia: EFE.
Donostian, mila eta erdi pertsona inguru bildu dira "La Manada" taldearen epaia gaitzesteko.
Talde feministetako kideek bi pankarta jarri dituzte, eta "ez da abusua, bortxaketa da" edo "hara zer justizia txarra, biktima epaitu duzue" leloez gain, 'Manada', entzun, pin, pan, pun" eta "bortxatzaileak sutara" oihukatu dituzte.
Gasteizen, 200 pertsona izan dira hiriko Justizia Jauregiaren aurrean. Manifestarien artean legebiltzarkideak ere izan dira.
Pintadak Iruñeko Auzitegietan. Argazkia: EFE.
Iruñean, berriz, ehunka emakume gazte bildu dira, "Ez beti da ez. Justizia" lelopean, eta "hau bai da terrorismoa" bezalakoak oihukatu dituzte. Gainera, boto partikularra erabilita akusatuen absoluzioa eskatu zuen epailearen inhabilitazioa eskatu dute.