Gizartea
Indarkeria matxista
'La Manada' auziaren epaiaren gakoak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Epaimahaiak sexu-abusua leporatu die bost akusatuei, baina ez bortxaketa, emakumea behartu eta menderatu egin zutela onartu badu ere.
-
Bost erasotzaileak 2016ko sanferminetan. Artxiboko argazkia: EiTB
1- Nafarroako Lurralde Auzitegiak bederatzi urteko kartzela-zigorra ezarri die 'La Manada' taldeko bost akusatuei, 2016ko sanferminetan, eraikin bateko atari batean, 18 urteko emakume bati sexu-abusuak egitea egotzita.
2- Epaimahaiak frogatutzat eman du bost gizonezkoek "beren nagusitasuna" erabili zutela neska gazteari "sexu-abusuak" egiteko.
3- Alabaina, sexu-eraso delituagatik absolbitu egin ditu bostak. Epaimahaiak dio ez zutela indarkeria erabili eta ez zutela biktima izutu.
4- Epaimahaia osatzen duten hiru magistratuetatik bik onartu dute emakumea "behartu" eta "menderatu" egin zutela, baina, hala ere, bortxaketarik izan ez zela, indarkeria erabili ez zutelako eta biktima izutu ez zutelako.
5- Hirugarren magistratuak, ostera, boto partikularra aurkeztu du auzipetu guztien absoluzioa eskatuz. "Bideoetan, bost gizon eta emakume bat pozez zoratzen sexu-harremanak izaten soilik ikusten dira", esan du Ricardo Gonzalez magistratuak.
6- Bederatzi urteko espetxealdiaz gain, ondoko zigorrak ere ezarri dizkiete: prozesu judizialak eragindako gastuen herena ordaintzea; 15 urtetan biktimarengana hurbiltzeko eta harekin harremanetan jartzeko debekua; biktimari 50.000 euroko kalte-ordaina ematea; eta Nafarroako Osasun Zerbitzuari 1.531 euro ordaintzea emakumeari emandako osasun asistentziagatik.
7- Espetxe-zigorra bete ostean, bost urtez Poliziaren zaintzapean egongo dira bostak.
8- Auzipetuetako bati lapurreta delitu arina ere egotzi diote, neskari sakelako telefonoa osteagatik. 900 euroko isuna ordaindu beharko du horregatik.
9- Bost akusatuak (Jose Angel Prenda, Jesus Escudero, Angel Boza, Alfonso Jesus Cabezuelo militarra eta Antonio Manuel Guerrero guardia zibila) ez dira epaiaren berri emateko saioan izan.
10- Bost akusatuak kartzelan daude, 2016ko uztailaren 7ko sexu-erasoagatik atxilo hartu zituztenetik.
11- Fiskaltzak 22 urte eta 10 hilabeteko espetxe-zigorrak eskatu zituen, sexu-erasoa, intimitatearen kontrako delitua eta beldurra erabilita egindako lapurreta egotzita; akusazio partikularrak 24 urte eta bederatzi hilabeteko espetxealdiak galdegin zituen; eta herri-akusazioek 25 urte eta bederatzi hilabetekoa. Defentsak, berriz, bost akusatuen absoluzioa eskatu zuen.
12- Aldeek 10 eguneko epea dute epaiaren kontrako helegitea jartzeko Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian.
13- Prozesu judiziala, baina, ez litzateke hor amaituko. Espainiako Auzitegi Gorenean beste errekurtso bat aurkezteko aukera izango luketelako.