Itxi

Gizartea

Epaia

Sumina kaleetan 'La Manada'ren epaiaren aurka

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Milaka emakume kalera atera dira Iruñean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

1:55

Milaka pertsona, emakumeak gehienbat, kalera atera dira arratsalde honetan Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean sanferminetako bortxaketaren epaia salatzeko. Izan ere, bortxatzaileei 9 urteko espetxe zigorra ezarri diete, abusuak egitea egotzita, ez bortxaketa egitea.

Bilbon, milaka pertsona bildu dira Lurralde Auzitegiaren aurrean eta alboko kaleetan. Donostian eta Gasteizen ere jendetsuak izan dira protestak.

Hiru mobilizazioetan, "Ez da abusua, bortxaketa da", "Nik sinetsi egiten zaitut", "Justizia patriarkala" eta beste hainbat aldarri oihukatu dituzte.

Protestetan EAJko, EH Bilduko, Podemoseko eta PSE-EEko hainbat ordezkari izan diran, hala nola Andoni Ortuzar (EAJ), Marian Beitialarrangoitia (EH Bildu) eta Idoia Mendia (PSE-EE).

Bilboko elkarretaratzeak milaka pertsona bildu ditu. Pankartetan "matxismoak hil egiten gaitu, justiziak garbitu", "Justizia patriarkalaren aurka" edo "Gu gara taldea" leloak irakur zitezkeen.

Manifestariek, horietako asko txilibituekin, "Ez da abusua, bortxaketa da", "ez, ez da" edo "nik bai sinesten dizut" leloak oihukatu dituzte.

Besteak beste, Idoia Mendia, Mikel Torres, Alfonso Gil eta Teresa Laespada PSE-EEko ordezkariek, Andoni Ortuzar eta Mireia Zarate EAJko kideek eta EH Bilduko zein Elkarrekin Podemoseko politikariek protestan parte hartu dute.

Bildu den jendetzak eta ekitaldiaren iraupenak zenbait kale ixtera behartu dute hiriaren erdigunean.

 

 

Gasteizen, 1.500 bat manifestarik protestan parte hartu dute Andre Maria Zuriaren plazan, "Guk sinesten dizugu" eta "sententzia hau indarkeria da" pankartak erakutsiz.

Gasteizko mugimendu feministaren bozeramaile batek agiri bat irakurri du. "Manada" eurak direla aldarrikatu du. Iruñeko auzia bost gizonek egindako bortxaketa dela ziurtatu du bozeramaileak.

 

 

Donostian, 2.000 bat pertsonak elkarretaratzea egin dute Justizia Jauregiaren aurrean, protesta egiteko.

Besteak beste, Miren Elgarresta Gipuzkoako Aldundiko Berdintasun zuzendaria, Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura eta Turismo diputatua, Susana Garcia Chueca batzarkide sozialista, Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatua eta Amaia Almirall koalizioko zinegotzia bertan izan dira, Irabaziko zinegotziekin batera. Bestalde, Irabaziko zinegotziek Donostiako Udalbatza utzi dute gaur, sententziaren aurka protesta egiteko.

Elkarretaratzeak Donostiako Udalaren babesa jaso du. Besteak beste, "ez dira abusuak, bortxaketa da", "bat ukituta, guztiak ukitzen gaituzte" eta "justizia patriarkala" oihukatu dute.

 

 

Iruñean, Gaztelu Plaza bete egin da, 2016an bortxaketa salatzeko egin bezala, herritarren suminaren erakusle.

Joseba Asiron alkatea, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko kontseilaria eta Ainhoa Aznarez Parlamentuko presidentea ere bertan izan dira.

Gainera, UPNk eta PPNk ez beste alderdi politikoek ere bat egin dute protestarekin.

Pixkanaka-pixkanaka ehunka pertsona hurbiltzen joan dira 19:00etan. Azkenean, plaza txiki geratu da eta protesta inguruko kaletara zabaldu da. Elkarretaratzea hasi eta ordu erdi geroago, oraindik jendea gerturatzen ari zen.

"Ez da abusua, bortxaketa da", "ahizpa, nik sinesten dizut", "justizia hau kaka bat da", "gu gara taldea", "bat ukituta, guztiak ukitzen gaituzte", epaile matxistak dira faxistak" bezalako oihuak egin dituzte txistu artean.

Gainera, parte-hartzaileek kartelak eta pankartak erakutsi dituzte, euskaraz zein gaztelaniaz: "Zurekin gaude" eta "Ez, ez da. Justizia".

 

 

Gainera, milaka lagun bildu dira Espainiako Estatuko beste hainbat hiriburutan egindako elkarretaratze eta manifestazioetan, hala nola Valentzian, Santanderren, Valladoliden, Bartzelonan eta Madrilen.