Gizartea
Pentsio duinen alde
Euskal Herriko pentsiodunek batzorde bat eratuko dute ekimenak hobeto koordinatzeko
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Halaber, Euskal Herriko jubilatu eta pentsiodunen plataformek manifestazioak deitu dituzte maiatzaren 5ean eta 26an.
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako jubilatu eta pentsiodunen plataformak Gasteizen bildu dira gaur goizean, eta "pentsio duinak" aldarrikatzeko mobilizazio gehiago deitzea erabaki dute. Manifestazioak maiatzaren 5ean eta 26an izango dira, euskal hiriburuetan.
Xabier Isasa Bizkaiko pentsiodunen plataformako bozeramaileak erantsi du astero herri eta hirietan egiten diren elkarretaratzeei ere eutsiko dietela.
Maiatzaren 5eko manifestazioak deitu dituzte Estatuko pentsiodunen plataformek eta horiek bat egitea erabaki dute. Alabaina, maiatzaren 26rako beste mobilizazio bat antolatuko dute Euskal Herrian eta gizarteari kalera ateratzeko deia luzatu diote. Hilean 1.080 euroko "pentsio duina" jasotzea exijitzen dute.
"Pentsioen arazo larria erakundeen eta alderdi politikoen agendan sartzea lortu dugu, baina ez dugu haien konpromisoa lortu. Horrenbestez, Euskal Herrian manifestazioak deitzera behartuta gaude, Madrileko, Gasteizeko eta Iruñeko gobernuak neurriak hartzera behartzeko, gure pentsioak hobetu eta sistema publiko duina bermatzeko", azpimarratu du.
Horrez gain, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako jubilatu eta pentsiodunen plataformek batzorde bat osatzea erabaki dute, aurrerantzean egin beharreko ekimenak eta deitu beharreko protestak hobeto koordinatzeko asmoz.