Itxi

Gizartea

Trafikoa

N-1 errepideak itxita orduak eman ditu Itsasondon, luizi baten ondorioz

eitb.eus

N-634 errepidean beste lur-jausi bat izan da, Zarautz eta Getaria artean. Eskoriatzako saihesbidean lanean ari dira, GI-627 errepidean, errekasto parean errepidea hondoratu baita.

Itsasondo luizia

Euri denboraleak hainbat eragozpen sortu ditu euskal errepideetan. Alde batetik, ur putzuek eta ibai batzuek gainezka egiteko arriskuak zenbait errepidetan etenaldiak egitea eragin dute.

Bestalde, azken orduotako euriteek luiziak ere eragin dituzte, gehien bat Gipuzkoako lurralde historikoan.

N-1ean luizi bat gertatu da goizean, Itsasondo eta Legorreta artean, Irungo noranzkoan. Errepidea itxi behar izan dute, baina 16:00ak aldera berriro zabaldu ahal izan dute.

N-634 errepidean beste lur-jausi bat izan da, Zarautz eta Getaria artean. Gauean errepidea itxi behar izan dute. Dagoeneko errei bat zabaldu dute, eta orain behin betiko konponbide bat aztertzen ari dira.

Era berean, Eskoriatzako saihesbidean lanean ari dira, GI-627 errepidean. Errekasto parean errepidea hondoratu da, eta konpontzeko “zazpi bat aste” beharko dituzte, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretarako diputatuaren esanetan.

Besteak beste, GI-2634 eta GI-2630 errepideetan ere luiziak gertatu dira.

Abisuak eta alertak, bertan behera

Euriteengatik alerta laranja eta abisu horia amaitutzat jo ditu Segurtasun Sailak Gipuzkoan eta Bizkaian. Berastegin eta Eskasen (Artikutza) 243 eta 240 litro pilatu dira metro koadroko.