Itxi

Gizartea

EGURALDIA

Denboraleak zauritu larri bat eta uhoaldeak utzi ditu Hego Euskal Herrian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

5 urteko haur bat larri zauritu da Donostiako Oriamendi pasealekuan, zuhaitz batek azpian harrapatu ostean. A-4302 errepidea (Araba) itxita dago, Margaritan, Zadorra ibaiak gainezka egin duelako.

2:02

Euskal Autonomia Erkidegoan uholdeak gerta daitezkeela eta, Larrialdi Plan Bereziaren alerta egoera deitu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.



Aurrez, euriteengatik alerta laranja ezarria zuen Segurtasun Sailak Gipuzkoan, 24 orduan metro koadroko 80 litro baino gehiago pila zitezkeela eta. Alerta ostegun eguerdira arte luzatu dute. Euria gogotik bota du egun guztian zehar eta horrek hainbat arazo eragin ditu Gipuzkoako herrietan.

5 urteko haur bat larri zauritu da Donostiako Oriamendi pasealekuan, Galarreta aldera, zuhaitz batek azpian harrapatu ostean. Kutxa Ekoguneko Baso Eskolara txangoa egiten ari zen Hernaniko ikastola bateko ikaslea da zauritutakoa.

Bizkaian abisu horia egongo da indarrean ostegunean, zenbait tokitan metro koadroko 60 litro pilatu daitezke-eta (24 orduko epean). Isurialde Atlantikoan prezipitazio ertaina egingo du, oso ugaria eta iraunkorra. Gainerako lekuetan, prezipitazio txiki-ertaina eta iraunkorra egingo du.

Soloarteko pasealekuaren eta hormaren zati bat behera etorri da gaur Basaurin. Pasealekua Nerbioi ibaiaren ondotik doa, eta itxita zegoen 2017ko abuztutik, ezegonkortasuna handia zegoen eta. Gainera, Ibaizabal ibaiak gainezka egin du Galdakaon.

Oraingoz, errepide bakarra dago itxita uholdeengatik, Araban: A-4302a, Margarita parean. Zadorra ibaiak gainezka egin du, Uribarri urtegia husten hasi direla eta. Gasteizko Abetxuko auzoan halakoetan urpetu ohi diren lur-sailetan sartu da ura.

Gainerako errepideetan ez dago aparteko arazorik, hori bai, ur-putzuak daude nonahi, Ertzaintzak ohartarazi duenez.

Nafarroako Gobernuak ere alerta aurreko egoera ezarri du uholde arriskuagatik, eta larrialdi egoeretarako plana martxan jarri du.

Maria Solana Foru Gobernuko eledunak eman du jakitera erabakia, goizeko bileraren ondoren. Tokian tokiko arduradunak eta larrialdi zerbitzuak jakinaren gainean jarri dituzte, eta herritarrei ere egoeraren berri emango diete une oro.

Uribarriko urtegiaren betetze maila, % 93koa

Nafarroan bakarrik ez,  Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere euria erruz ari da. Arabako Uribarriko urtegia, esaterako, ia gainezka dago, betetze mailaren % 93ra iritsita.

Hori dela eta, eta datozen orduotarako euri gehiago aurreikusita dagoenez,  hasi dira urtegia husten.

Urtea hasi zenetik, bat baino gehiagotan ireki behar izan dituzte urtegiko ateak.

Iragarpena

Euskalmeten arabera, euria ez da geratuko datozen orduotan, eta asko botako du. Zerua estalita egongo da eta etengabe egingo du euria, bereziki ekialdean.

Bihar, osteguna, egunaren lehen partean, ez da aldaketarik espero: euria sarri eta ugari egiten jarraituko du, eta zerua estalita egongo da.

Arratsalde-gauean euri gutxiago egingo du, noizbehinka eta euri txikia, eta baliteke egunaren amaieran ostarte batzuk ere irekitzea.