Gizartea
EUSKARA
Gasteizek Euskaraldia ekimenean izena eman du
EITB.EUS
Izen-ematea taldeko argazki baten bidez irudikatu dute. Halaber, Gasteizko Euskaraldia talde eragileko kideak parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.
-
Argazkia. Euskaraldia Gasteiz.
Gasteizek Euskaraldia "11 egun euskaraz" ekimenean izena eman du gaur goizean eta izen-ematea taldeko argazki baten bitartez irudikatu dute.
Izen-emate ekitaldia Gasteizko Euskaraldia Talde Eragileak antolatu du eta bertan izan dira, besteak beste, Euskalgintzako hainbat eragile, Gasteizko Udala eta beste hainbat entitate, ekimenaren sustatzaileak eta norbanakoak, eta hiriko talde politikoak.
Maddalen Agirre Loinaz Gasteizko Euskaraldia talde eragileko kideak parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak: "Euskaraldia martxan dago Gasteizen eta prozesuan norbanakoen eta eragileen ekarpenak funtsezkoak dira".
Egitasmoa 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo da, "11 egun euskaraz" lelopean, eta euskaraz hitz egin eta ulertzen duten herritarren arteko harremanetan hizkuntza ohiturak aldatzea du helburu, baita era guztietako erakunde eta elkarteak euskarazko hizkuntza praktikak babesteko neurriak hartzera bultzatzea ere.
Euskaraldiak iraungo duen 11 egunetan, bi modutara parte hartu ahalko dute 16 urtetik gorako herritarrek, "ahobizi" eta "belarriprest" bihurtuta, hain zuzen ere. Ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak izango dira ahobizi, baita ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten dietenak ere; belarriprest, berriz, gutxienez euskara ulertzen duten kideak izango dira, gainerakoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak.
Herri eta erakundeek 2018ko lehen hiruhilekoan izango dute izena emateko aukera, eta udaberrirako jakin ahal izango da zenbat herri eta gunetan parte hartu ahal izango duten hiztunek 2018ko Euskaraldian.