Itxi

Gizartea

Nagore Laffageren hilketa

Diego Yllanes, Nagore Laffageren hiltzailea, baldintzapean aske

Radio Euskadi

12 urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri zioten eta zortzi urte eta hamaika hilabete bete ditu. Datorren uztailaren 7an hamar urte beteko dira Nagore Lafagge hil zuela.

  • Diego Yllanes sare sozialetatik hartutako argazki batean.

    Diego Yllanes sare sozialetatik hartutako argazki batean.

Diego Yllanes 2008ko San Ferminetan Nagore Laffage gaztea hil zuen gizona baldintzapeko askatasunean utzi dute. 12 urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri zioten hilketa delitu bat egotzita, baina dagoeneko ez du espetxean lo egiten, eta psikiatra gisa lan egin dezake sektore pribatuan.

Epaitegietako iturriek jakinarazi dutenez, epaileak martxoaren 7an eman zion Diego Yllanesi baldintzapeko askatasuna, eta Fiskaltzak erabakiaren aurkako helegiterik jarri ez zuenez, joan den martxoaren 16an erabakia irmo bihurtu zen .

Yllanesek zortzi urte eta hamaika hilabete eman ditu espetxean Irungo gaztea hiltzeagatik; 2017ko ekainean hirugarren gradua lortu zuen eta hemendik aurrera ez du Madrilgo gizarteratzeko zentro batean lo egin beharko.

Hala ere, hilero buelta behar da zentro horretara, zaintzapean baitago 2020 urtera arte. Ildo horretan, Yllanesek ezin du urte horretara arte psikiatra gisa lan egin osasun publikoan, bai, ordea, pribatuan.

Datorren uztailaren 7an hamar urte beteko dira Nagore Lafagge barik. Yllanesek gaztea ito zuen Irungo Iturrama auzoko etxebizitza batean, atzamar bat moztu zion identifikazioa oztopatzeko eta gorpua plastiko artean ehortzi zuen, Orondritzen (Erroibar). Egun horretan bertatik paseatzen zebiltzan herritar batzuek topatu zuten hilotza.

Laffage hil eta ordu batzuetara, Foruzaingoak Yllanes atxilotu zuen, eta horrek krimenaren egiletzat aurkeztu zuen bere burua Aoizko 2 zenbakiko Instrukzio Epaitegiko epailearen aurrean. Epaileak espetxeratzeko agindua eman zuen, ihes egiteko arrisku handia zegoela iritzita.

Foruzaingoaren ikerketak ezarri zuenez, ez zen inolako loturarik egon Laffageren eta Jose Diego Yllanesen artean, 2008ko uztailaren 7ra arte. Poliziak 2008ko uztailaren 7an ezarri zuen bien arteko lehen hartu-emana, Iruñeko Pedro I.aren kalean, Yllanesek biktimaren hiru lagunekin hitz egin zuenean. Foruzainek bi gazteen irudiak lortu zituen, Sancho Ramirez kaleko etxebizitzarako bidean, eta, ondoren, Yllanesenak, Unibertsitate Klinikan eta inguruko kaleetan, 11:00etan.

Laffageren hiltzaileak barkamena eskatu zion familiari, eta ez zuela egindakoa egin nahi izan esan zuen, "baina hil egin nuen". Hiltzaileak hiru ordu baino gehiago eman zituen egindakoa azalduz, eta biktimaren gainean "lepoa estutzen" egotea gogoratzen zuen. "Ondorioak daudela onartzen dut, eta ordainduko dudala", esan zuen.