Gizartea
EloGE 2017
EAEko bost udalek Gobernantzaren Bikaintasuneko Europako Zigilua lortu dute
agentziak | erredakzioa
Gobernantza Onaren arloan Europan abangoardian dauden lehen 200 udalen artean sartu dira Irun, Ermua, Basauri, Urnieta eta Leioa.
-
Irungo argazkia. Egilea: Jose María Vega.
Irungo, Urnietako, Basauriko, Ermuko eta Leioako Udalek Europako Kontseiluak ematen duen Gobernantzaren Bikaintasuneko Europako Zigilua (European Label of Governance Excellence, ELoGE) lortu dute. Euskadiko Udalen Elkarteak (Eudel) eta Europako Kontseiluak bultzatutako proiektu pilotuaren ekimenaz eskuratu dute aitorpena, eta horrela, Europako lehen 200 udalen taldean sartu dira.
Udaletako alkateek Donostian jaso dute ELoGE 2017 zigilua, erreferenteak direla aitortzen diena. Aurkezpen hitzaldian, Imanol Landa Eudel elkarteko presidenteak lorpenaren garrantzia nabarmendu du. Horren arabera, “zigilua beharrezkoa da gobernantza onaren bidean aurrera egiteko eta pertsona guztientzako benetako elkarguneak izateko”.
Gobernantza onaren 12 printzipioetan oinarritu da Europako Kontseilua zigilua emateko, horien artean, gardentasuna, herritarren parte-hartzea eta portaera etikoa sartzen dira.
Eudelek proiektua 2017-2018 aldian bultzatu zuen Bizkaia eta Gipuzkoako bederatzi udaletan. Gobernantza onaren maila neurtzeko, Irunek, Urnietak, Basaurik, Ermuak, Leioak, Beasainek, Elgoibarrek, Galdakaok eta Mungiak bere gain hartu dute proiektua eta autoebaluazio prozesu zorrotz bat egin dute.
Europako Kontseiluaren arabera, zigiluaren xedea “tokiko eragileen ekintzak mobilizatu eta suspertzea” da, “herritarrek gobernantza on eta demokratiko batez goza dezaten”.
ELoGe zigilua
Eudel elkarteak proiektuarekin jarraitu nahi du, eta horretarako lurralde plataforma bat sortu du, hurrengo deialdietan banatuko diren bereizgarriak lortzeko. Horrela, 2018an, udalen bigarren taldea eratzeko asmoa du.
Proiektua bermatzeko, ELoGErako erakunde arteko batzorde bat eratu da, Eudeleko, Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko eta lurralde bakoitzeko foru aldundietako ordezkariek osatuta.