Itxi

Gizartea

ERREFUXIATUAK

Errefuxiatuek etxebizitza lortzeko dituzten arazoak salatu ditu CEAR-Euskadik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOAK

Gobernuz kanpoko erakundearen hitzetan, errefuxiatuek eta etorkinek 'bazterkeria' pairatzen dute etxebizitza bat alokatu nahi dutenean.

1:24
Alokatzen den etxebizitza

Errefuxiatuek etxebizitza bat lortzeko dituzten arazoak salatu ditu CEAR-Euskadi erakundeak, eta 2017an Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian "28 bazterkeria kasu" identifikatu zituztela nabarmendu dute.

Arrazakeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, errefuxiatuen egoeraren berri emateko oharra kaleratu du Rosabel Argote CEAR-Euskadiko arduradunak. Horren hitzetan, errefuxiatuei eta etorkinei are gehiago zailtzen zaie egoera, etxe bila hasten direnean.

Argotek azaldu duenez, asilo eskaria egiten duten pertsonak, lehendabizi, harrera etxeetan hartzen dituzte, bederatzi hilabetez gehienez ere, oinarrizko beharrizanak eskainiz. Hortik ateratzen direnean hasten dira "benetako arazoak", CEAR-Euskadiren arabera. "Euren kabuz bizi ahal izateko eta gizarteratzeko prozesua abiatzen dutenean, etxebizitzaren arazoa aurkitzen dute parez pare", azaldu du.

Hiru dira gobernuz kanpoko erakundeak nabarmendu dituen oztopoak. Batetik, jabeek etxea etorkinei ez alokatzeko eskatzen diete higiezinen agentziei, Argotek zehaztu duenez. Magrebtarrek eta Saharaz hegoaldekoek omen dituzte arazo gehien.

Bestetik, arazo ekonomikoa jarri du mahai gainean CEAR-Euskadik. Alokairuaren prezioa geroz eta garestiagoa dela eta, kopuru horiei etorkinek ezin dietela aurre egin salatu du. Jartzen dituzten "baldintzekin", jabeek eta agentziek etorkinak baztertzen dituztela gaineratu du Argotek.

Azkenik, erakundeek arazo hau konpontzeko duten erantzukizuna nabarmendu du. Errefuxiatuak hartzearen aldeko jarrera erakusten dute, baina "heldutakoan, eskubide guztiak bermatu behar zaizkie, etxebizitzarena tartean", adierazi du.