Gizartea
Ekitaldia Iruñean
EAE, Nafarroa eta beste 11 erkidego, memoria historikoaren alde
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Adierazpena sinatu ostean, hamahiru erkidegoetako ordezkariek Ezkabako ihesaldiaren historia ezagutu dute eta Saigots eta Urdaitzeko deshobiratzeetan izan dira.
-
Urdaitzeko hobian topatutako gorpuzkinak. Argazkia: EFE
Euskal Autonomia Erkidegoak, Nafarroak eta Estatuko beste hamaika erkidegok memoria historikoaren aldeko manifestua sinatu dute Iruñean egindako topaketa batean.
Adierazpena sinatuta eman diote amaiera memoria historikoaren aldeko autonomien arteko lehen topaketari, eta ondoren Ezkabako ihesaldiaren historia ezagutu dute eta Saigots eta Urdaitz herrietan aurkitutako hobietatik gorpuak nola ateratzen dituzten ikustera joan dira.
Nafarroako Jauregian egin dute ekitaldi instituzionala eta hauek dira bertan izan diren erkidegoak: EAE, Nafarroa, Andaluzia, Aragoi, Asturias, Kantabria, Gaztela eta Leon, Kanariak, Katalunia, Valentzia, Balearrak, Extremadura eta Errioxa.
Ekitaldiaren amaieran irakurritako adierazpenak dio "bizikidetza edozein demokraziatan ezinbesteko oinarria" dela eta bizikidetza hori "benetakoa eta justua" izan dadin, "iraganari autokritikaz begiratu" behar zaiola.
Ildo horretan, "giza eskubideen urraketa guztiak gaitzetsi" egin behar direla eta "biktimak babesteko politika publikoak" garatu behar dela.
Horrenbestez, "1936ko kolpe militarra eta diktadura frankista" gaitzetsi dituzte eta "bakearen kultura, errespetua eta tolerantzia" aldarrikatu dituzte.
"Indarkeriaren injustiziak" eragindako mina oroituta, "gizarte justuagoa, etikoagoa eta demokratikoagoa" eraikitzen dela eta horrek "gertakari tragiko haiek berriro errepika ez daitezen" lagunduko duela esan dute.
Azkenik, giza eskubideen aldeko konpromisoa agertu dute eta biktima guztientzat egia, justizia eta erreparazioa eskatu dituzte.
Bestalde, biktimen senideak bilatzeko elkarlanean aritzea adostu dute eta DNA bankuetan emandako urratsak konpartitzeko aukera aztertuko dute.
Euskal Autonomia Erkidegoak, Nafarroak, Andaluziak eta Kataluniak dituzte DNA bankuak.