Itxi

Gizartea

Euskara

'Euskaraldia' ekimena aurkeztu dute Nafarroan

ERREDAKZIOA

Sustatzaileek azpimarratu dute lehen aldia dela erakundeek eta eragile sozialek bat egiten dutela euskararen erabilera bultzatzeko.

  • Euskaraldiaren aurkezpena Nafarroan. Argazkia: Nafarroako Gobernua

    Euskaraldiaren aurkezpena Nafarroan. Argazkia: Nafarroako Gobernua

Nafarroako erakundeek eta gizarte-eragileek euskararen erabilera sustatzeko 'Euskaraldia' ekimena aurkeztu dute Nafarroan.

Aurkezpena Iruñeko Kondestable Jauregian egin dute eta erakunde publikoetako eta euskalgintzako hainbat ordezkari izan dira bertan: Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herriarekiko eta Erakundeekiko kontseilaria; Mikel Arregi Euskarabideako zuzendaria; Arrate Illaro Euskaltzaleen Topaguneko eta Euskaraldiako koordinatzailea; eta Oskar Zapata Nafarroako Euskaltzaleen Topaguneko presidentea.

Kike Amonarriz sozio-linguista eta Eneko Goiri euskaltzalea ere bertan izan dira.

Ana Ollo kontseilariak ekimena "talde sozialen, erakundeen eta herritarren konpromisoan” oinarritzen dela nabarmendu du. "Nafarroako Gobernuak Euskaraldia prozesuan parte aktiboa izan nahi du", erantsi du.

Mikel Arregik azpimarratu duenez, "lehen aldia da erakundeek eta sektore sozialek bat egiten dutela euskararen erabilera bultzatzeko".

Oskar Zapataren iritzian, "herriz herri euskaltzaleen sarea eginda eta euskalgintzan ari garen eragileok elkarlanean arituz, zerbait polita egin dezakegu".

Kike Amonarrizek ere hartu du hitza ekitaldian eta euskarak Nafarroan bizi duen egoerari buruzko hausnarketa bat egin du.

Amaitzeko, Eneko Gorrik Ipar Euskal Herrian euskararen erabilera suspertzeko iaz abiarazi zuten BAM ekimenaren inguruan aritu da.

Bestalde, azken hileotan Euskal Herrian barrena aritu dira antolatzaileak 'Euskaraldia' ekimenaren berri ematen.

'Euskaraldian' parte hartu nahi duten herriek apirilaren 8a arteko epea dute izena emateko.

Nafarroan hainbat dira jada ekimena abian jarri dute herriak: Viana, Galar Zendea, Lizarraldea, Egues, Baztan, Esteribar, Arbizu, Atarrabia edota Irurtzun.