Gizartea
Segurtasun dispositiboa
Ertzaintzak San Mameseko zabalgunea hesituko du Athletic-Olympique partida dela eta
EITB.EUS
Talde frantsesaren eta zuri-gorriaren zaleak banatu nahi dituzte neurri horrekin. Ostalariei kristalezko botilak eta edalontzitan ez zerbitzatzeko eskatu diete.
Ertzaintzak San Mames futbol zelaiko zabalgunea hesituko du ostegunean Athletic eta Olympique Marseilla taldeek Bilbon jokatu behar duten partida dela eta. Neurri horrekin bi taldeen zaleak banatu nahi dituzte.
Europa Ligako final-zortzirenetako itzulerako partida da martxoaren 15ekoa, eta "arrisku handikoa" jo dute. Polizia autonomikoak asteazken honetan aurkeztu du prestatutako segurtasun dispositiboa. Neurrietako batzuk gaur bertan jarri dituzte martxan, eta talde frantsesa eta horren jarraitzaileek, 1.000 zale inguru, Bilbotik joan arte mantenduko dituzte.
Josu Bujanda Ertzaintzaren Herritarren Segurtasunerako buruak esan duenez, antzeko ezaugarriak zituzten aurreko partidetan ezarritako hainbat neurri egokitu egin dira, "taktika operatiboak" kontuan hartuta, partida ikustera joango diren herritarrak "seguruago" egon daitezen. "Gure aldetik lasaitasuna eskatzen dugu. Ertzain guztiek profesionaltasunez lan egingo dute", esan du Bujandak.
Dispositiboan parte hartuko duen agente kopurua beste partiduetakoen parekoa izango da.
Bilboko Udaltzaingoarekin eta Athletic taldearekin bakarrik ez, Marseillako Poliziarekin ere elkarlanean ari da Ertzaintza, biharko dispositiboa koordinatzeko.
Josu Bujanda, dispositiboaren aurkezpenean. Argazkia: Iker Salgado.
Marseillako zale gehienak autobusez iritsiko dira Bilbora, gaur arratsaldean eta bihar goizean, eta ibilgailu horiek guztientzako gune jakin bat egokituko dute. Ertzaintzak dituen datuen arabera, gutxi batzuk bakarrik helduko dira hegazkinez.
Hiriko hainbat gunetan ezarriko dira segurtasun neurriak, harik eta partida amaitu eta zale frantziarrak Bilbotik alde egin arte.
Batez ere, futbol-zelaiaren ingurua zainduko dute, eta sarrera guztietan aparteko segurtasun neurriak ezarriko dituzte, debekatutako objektuak (bengalak, kristalezko boteilak …) estadio barrura sar ez ditzaten. Alkohola edanda edota drogak hartuta dauden pertsonei ere sarrera debekatuko zaie.
Ostalariei eskaria
Bilboko, eta batez ere San Mames inguruko, ostalariekin ere jarri da harremanetan Ertzaintza. Partida hasi aurreko orduetan bezeroei kristalezko edalontziak eta botilak ez emateko eskatu diete.
Horrez gain, estadioaren inguruko beira edukiontziak erretiratu egin dituzte Udaleko langileek.
Athleticek ere martxan jarri du dispositibo berezia, segurtasun pribatuarekin, zelai barruan indarkeriazko irudiak ez errepikatzeko.
Segurtasun indarrek eta klubak eskari berbera egin diete zaleei: liskarrik gabe, futbolaz gozatzeko.