Gizartea
Martxoak 8
Emakumeen borrokan greba 'mugarri' izango dela adierazi du mugimendu feministak
eitb.eus
Mugimendu sozialen, sindikatuen eta alderdi politikoen erreakzioak M8ko greba feministaren aurrean.
-
Donostiako manifestazioa. Argazkia: EFE
Euskal Herriko Mugimendu Feministak "arrakastatsu”tzat jo du martxoaren 8ko emakume greba, eta berdintasunaren aldeko borrokan "mugarri" izango dela adierazi du, milaka eta milaka emakumek hartu dutelako parte protestatan.
Arabako Emakumeen Asanbladak eta Euskal Herriko Mugimenduko Feministaren ordezkariek, Gladys Giraldok eta Ainara Mendaruzketak, hurrenez hurren, agerraldia egin dute Gasteizen, eta pozik agertu dira "emakumeen esfortzua" agerian geratu delako.
"Hau mugarri bat da. Emakumeok pairatzen dugun egoeraren nerbio ukitzen ari gara. Egoerari buelta eman diogu", esan du Giraldok.
Era berean, mugimendu feministaren, eragile sozialen eta sindikatuen arteko elkarlana goraipatu du, "fokua emakumeek egiten dituzten aitortu gabeko eta ordaindu gabeko lanen gainean jartzeko gai izan garelako".
"Herriaren ekonomia ulertzeko moduari buelta ematen suposatzen du honek", erantsi du.
Sindikatuen balorazioa
ELA, LAB, Steilas, ESK eta CGT sindikatuen hitzetan ere “historikoa” izan da greba, eta sektore feminizatuenetan jarraipena “oso zabala” izan dela goratu dute.
Leire Txakartegi ELAko ordezkariaren hitzetan, jarraipena oso zabala izan da batik bat “hezkuntzan, eskoletako jatetxeetan, ikastoletan, erresidentzietan, garbiketaren sektorean eta kontserberetan”. Sektore horietan, “ia erabatekoa” izan da lanuztea. Dena dela, “hedabideetan, telemarketingean, udaletan, kiroldegietan eta Metalaren enpresetan” ere “oso handia” izan dela gaineratu du.
Zaloa Ibeas LABeko bozeramaileak salatu egin ditu “gutxieneko zerbitzuak”, sektore feminizatuetan “zigorra” izan baita. “Adierazpen instituzionalak baino gehiago, benetako borondate politikoa behar da egoera aldatzeko; argi geratu da helburu horretatik urrun gaudela”.
Ana Perez Steilaseko kideak zoriondu egin ditu emakumeak, hezkuntzan lortutako atxikimenduengatik. “Zentro guztiek hartu dute parte lanuzteetan, eta ikastetxeetan antolatu egin dira zerbitzu minimoak betetzeko”, azaldu du. “Haurreskoletatik unibertsitatera, emakumeen parte-hartzea masiboa izan da”.
Isabel Castro ESK-ko eledunak “positibo”tzat jo ditu lanuzteek izandako erantzunak, eta emakume gutxiko sektoreetan ere handia izan dela gaineratu du.
UGT eta CCOO pozik agertu dira Nafarroan lanuzteek izandako jarraipen "ezberdinarekin", sentsibilizazioa izan delako nagusi. Sindikatuotako ordezkariek kalean izandako jarraipena txalotu dute.
Erakundeak
"Gaur aldarrikapenerako eguna da eta berdintasunak eguneroko konpromisoa behar duela gogorarazten digu", adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak Twitter sare sozialean.
Uxue Barkos Nafarroako presidenteak egun honetan emakumeei egiten zaien omenaldiarekin bat egin du, eta emakumeen egoera salatzeko mobilizazio guztiei babesa eman die.
Alderdi politikoak
Emakumeen Nazioarteko Egunean, sexuen arteko benetako berdintasuna lortzeko “pauso sendoak” ematen jarraitzeko konpromisoa hartu du EAJk. Jeltzaleek elkarretaratzeak egin dituzte hiriburuetan, baina ez dute greba babestu.
Bestalde, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak Twitter sare sozialean azpimarratu duenez, “Euskal Herrian emakumeek pairatzen duten zanpaketari aurre egiteko, berdinen arteko Euskal Errepublika da bidea. Gora emakumeen borroka!”.
Mugimendu feministak deitutako grebaren "arrakasta" goraipatu du Elkarrekin Podemosek. Koalizioko legebiltzarkideek lanuztea egin dute. Sexuen arteko berdintasunaren aldeko borroka “lehentasun" bat dela nabarmendu du Elkarrekin Podemosek.
Emakume legebiltzarkide guztiek greba egin ez izana deitoratu du Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak, Eusko Legebiltzarrean egun “historikoa” izan zitekeelako. “Quorumerako” aukera zegoela uste du sozialistak.
Jardunaldian Ganberari “protagonismoa kentzea” egotzi dio PPk Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteari. “Alderdikeria” erakundeetako erantzukizunaren “aurretik” jartzerik ez dagoela ohartarazi du EAEko Alderdi Popularrak.