Itxi

Gizartea

Feminismoaren erradiografia

2017-2018: Feminismoaren inflexio puntua

Uxue Martin | eitb.eus

Feminismoak susperraldia izan du urtebetean, hainbat mugimendu direla eta, hala nola MeToo, Time’s Up eta martxoaren 8ko nazioarteko greba feminista.

  • Argazkia: EFE

    Argazkia: EFE

Feminismoa hitzetik hortzera egon da azken urtean, emakumeak kalera atera baitira berdintasunaren eta ahalduntzearen alde borrokatzeko. Esparru guztietan izan da, gainera: kultura, kirola, gizartea, politika… Eta pauso guztiak mugimendu feministei esker eman dira.

Feminismoan nabaritu den aldaketa deigarriena pertzepzioa izan da. Irantzu Varela Faktoria Lilako kazetariaren esanetan, "emakume askok lehen uste zuten feminismoak ez zuela eurekin zerikusirik". "Azken urteotan zabaldu diren gertakari ugari (sexu jazarpenak, esaterako) direla eta, eurei ere badagokiela uste dute orain askok", gaineratu du, eitb.eus-i eskainitako elkarrizketa batean.

"Bi urtean hitzak konnotazio negatiboa galdu du", Varelaren ustez, gertakari asko izan baitira eta emakumeari argi utzi diotelako zer den gaur egun emakume izatea.

"Orain feminista izan nahi dute denek. Jendeak feministatzat du bere burua, ez baitu zentzu negatiborik", horren iritzian. Hedabideek horretan lagundu dutela uste du, feminismoa aurkezteko era aldatu dutelako.

"Feminismoa" izan da 2017ko hitz garrantzitsuena, Merriam-Webster hiztegi estatubatuarraren esanetan, hitz horri buruzko bilaketa kopuruak % 70 egin baitzuen gora iaz, AEBn zein nazioartean. Batez ere, urtarrilean eta urrian hazi ziren bilaketak, bi mugimenduk suspertuta: Women’s March eta #MeToo.

Women’s March

Women’s March (Emakumeen Martxa) lehenengo pausoetakoa izan zen feminismoa suspertzeko. 2017ko urtarrilaren 21ean ibilaldia egin zuten AEBn Donald Trump presidentearen politika matxista, diskriminatzaile eta arrazistei aurre egiteko. Karguaren zina egin eta biharamunean izan zen mobilizazio jendetsuena, AEBko hiriburuan, Washingtonen.

Facebooken hasi zen ekimena, emakume haserretu batek lagunei egin zien galdera bat zela medio. Hain zuzen ere, inbestiduraren hurrengo egunean Washingtonera joateko asmoa ote zuten galdetu zien sare sozial horretako ezagunei. Lagun horien arteko elkarrizketa nazioarte mailako deia bihurtu zen, pertsona ospetsu askok zabaldu zutelako. Horrela, 500.000 pertsona abiatu ziren Washingtonen, txano arrosak (pussy hats) jantzita, eta bost kontinenteetako hiri askotan bat egin zuten haiekin.

Aurten bilkurak egin dituzte berriro AEBko hiriburuetan, eta 300.000-600.000 herritar bildu dira berdintasunaren alde. New Yorkeko, Chicagoko eta Los Angeleseko protestak izan dira jendetsuenak.

Londresen ere egin dute martxa, martxoaren 4an, emakumeen eskubideen alde eta soldata arrakalaren kontra.

#MeToo / Time’s Up

"Feminismo" hitzak urrian izan zuen bigarren gorakada, Harvey Weinstein ekoizlearen sexu-abusuak ezagutzera eman eta #MeToo mugimendua abiatu zutenean. Sare sozialek eragin handia izan dute horretan. The New York Post egunkariak kaleratu zuen artikulu baten bitartez zabaldu zen Weinsteinen abusuen berri, Ashley Judd aktorearen eta beste biktimen askoren testigantzen laguntzarekin. Artikulua kaleratu zutenetik 80 aktorek salatu dute ekoizlea, tartean Angelina Jolie, Gwyneth Patrowl, Rosanna Arquette, Cara Delevinge eta Lupita Nyong’o ezagunek.

Sexu-jazarpena uste baino ohikoagoa dela salatzeko, Alyssa Milanok ekimen berezia jarri zuen martxan Twitter sare sozialean, hilabete horretan. Aktoreak #MeToo etiketa proposatu zuen Twitterren, erasoren bat pairatu dutenek bertan konta dezaten. Hori dela eta, #MeToo sexu-abusuak salatzeko etiketa bat izatetik, gizarte mugimendua izatera pasatu da. Urritik martxora, 500.000 pertsonak erabili dute.

Salaketa horiek ikusita, Time’s Up elkartea sortu dute Hollywoodeko emakumezko aktoreek 2018ko urtarrilean. Sexu-abusuak kontatzea eta erasoak bukatzea dute helburu.

Dena dela, Weinstein ez da izan bere boterea emakumeei abusuak egiteko baliatu duen bakarra. Izan ere, akusatu ezagunen zerrenda luzea da, oso: Dustin Hoffman, James Franco, Woody Allen, Roger Ailes FOX kateko presidentea...

Testuinguru horretan, kanpainiei baino gehiago, mugimenduei eman nahi die garrantzia Irantzu Varelak. Feminismoa gizarte mugimendua da, lan ikusezina egiten atzean jende ugari duena. Kanpainek, aldiz, ikusgarritasuna erabiltzen dute aldarrikapen feminista bultzatzeko. "Eskubideak ezin dira kanpainen bidez konkistatu, mugimendu sozialekin egiten da. Borroka kalean egiten da, lan handia eginez, milaka eta milaka emakumek ezkutuan egiten duten lan eskergarekin", azaldu du.

Varelaren esanetan, erreferenteak diren emakumeek jende ugari konbentzitzeko ahalmena dute: "Horien lanak ez luke eraginkortasunik izango atzean mugimendu feminista ez balego, eta hori oso ondo ulertu dute Hollywoodeko aktoreek. Zinema munduko sariak ikusi besterik ez dago horretaz ohartzeko".

Time’s Up mugimenduak zinema sarietan aldarrikatu du gehien feminismoa. Urrezko Globoetan eta BAFTA sarietan, adibidez, emakumeek pairatzen dituzten jazarpenak salatu zituzten. Beltzez jantziz egin zuten protesta.

Urrezko Globoetako galan, gainera, emakume aktoreek uko egin zioten bikotekidearekin joateari. Militante feministak gonbidatu zituzten, horien ordez. "Horrekin erakutsi zuten gai direla pairatutako jazarpena aitortzeko, eta ausardia dutela diskurtso feminista publiko egiteko", adierazi du Varelak.

Oscar Sarietan ere, aktoreek bultzatutako mugimenduak lekua izan du, Akademiak kutsu politikoak saihestu nahi izan baditu ere (beltzez ez janzteko eskatu zien gonbidatuei). Aristek bete egin zuten eskari hori, baina pin bat jantzi zuten Time’s Up elkarteari babesa erakusteko.

"Bi mugimenduek sugarra piztu dute, eta horiek itzaltzen saiatuko dira. Guk, baina, mantendu egingo dugu sua", azaldu du Andrea Momoitiok, Pikara aldizkariko koordinatzaileak. Kultura arloa publikoagoa denez, aktoreen salaketak ozenagoak izan ohi direla gaineratu du: Aktoreek babes handiagoa dute beste arloetako emakumeekin alderatuta". Horregatik, edonon salaketak egin ahal izatea errazteko xedez, "konfiantza-eremu bat" sortzea proposatu du Momotiok. Horretarako, neurri judizial eta sozialak bermatu behar dira, emakumeak babesa izan dezan.

Mugimendu feministak beste herrialdeetan

AEBn ez ezik, beste hainbat herrialdetan ere izan du susperraldia feminismoak. Espainiako Estatuan, esaterako, La Caja de Pandora sortu dute emakumezko hainbat artistak, Carmen Tormé dantzariak salatutako sexu-abusuak babesteko eta sexu eraso eta bazterketa guztien kontra egiteko. Women’s Marchen kasuan bezala, Facebookeko orrialde gisa sortu zuten, eta orain 3.000 kide baino gehiago ditu. #YoTambien (Espainia) eta #BalanceTonPorc (Frantzia) etiketak ere sortu dira MeToo mugimenduari babesa emateko.

Mugimendua Europara beste era batera heldu dela uste du Andrea Momoitio Pikara aldizkari digitaleko koordinatzaileak. "Goya eta Feroz sarietako diskurtsoak dira horren erakusgarri", eta Leticia Dolera jarri du adibide gisa, "sare sozialetan ere kontatu baitu berak jasandako indarkeria".

Goya sarien gala aldarrikapen bete egon zen. Bertan, emakumearen lana ezkutatuta dagoela ohartarazi zuten artistek, eta generoen arteko desoreka salatu zuten. Datu bat horren erakusle: zineman, aktore protagonisten % 38 baino ez dira emakumezkoak. Galan, abaniko gorriak astinduz egin zuten protesta askok.

Alemanian, generoen arteko berdintasuna eta emakumearen papera sustatzeko hitzaldiak egin dituzte Berlinalen, zinema jaialdiaren baitan. Gainera, abusatzaileek parte hartu duten filmak baztertu egin dituzte, eta jazarpen sexualen biktimak artatzeko gune berezia prestatu dute. Gainera, ‘Speak Up!’ ekimena abiatu dute Berlinalen, zinemaren sektoreko profesionalen artean "jokabide adeitsuak” aldarrikatzeko.

Cesar Sarietan (Frantzia) ere, matxismoaren eta sexu-jazarpenaren aurka agertu dira. Begizta zuria jantzi dute bertan MeToo kanpainari babesa emateko.

Dena dela, Frantzian, hainbat emakume artista Time’s Up mugimenduaren kontra agertu dira, tartean Catherine Deneuve aktorea eta Catherine Millet idazlea. Mugimendu feministak "puritanoak" direla eta akusatuei euren buruak defendatzeko aukerarik ematen ez dietela kritikatu zuten, hain zuzen.

Irantzu Varelaren aburuz, artista frantziarrek ez dute ondo ulertu kanpainen oinarria. "Inork ez du esan ezin dela ligatu. Kontua da gizonak ezin duela emakumea objektu bezala erabili bere sexu-gogoa asetzeko. Biziraupena da gakoa, ez puritanismoa”, esan du.

Matxismoa kirolan

Kirolen munduan emakumeek ez dute izan gizonen ospe bera, eta "azafata figuranteak" dira horren erakusgarri. Alabaina, 2017an, emakumea apaingarri gisa ez erabiltzea erabaki zuten zenbait kirol probak, hala nola Euskal Herriko Itzuliaketa Bat Formulak.

Azafaten erabilera hori "zaharkitua, anakronikoa eta "zentzurik gabekoa” da, Varelaren ustez, eta lan ezegonkorra, aldizkakoa eta iraupen gutxikoa dela azpimarratu du. "Emakumeek erabaki behar dute lan merkatuan haragi izan nahi duten", gaineratu du.

Bi ekintzailefeministak bat datoz azafaten inguruan: emakumea objektua bezala erabiltzen dute, ez subjektu gisa. Eta patriarkatuak emakumea objektu gisa hartzen badu, hura erabiltzeko, tratu txarrak emateko edota hiltzeko eskubidea duela pentsatuko du.

Gurera etorrita, emakume pilotariek ikusgarritasuna izan dute 2017an, Emakume Master Cup lehiaketari esker. Emakume pilotarien binakako lehen liga egin zuten martxoan, eta lau t’erdikoa azaroan, eta partida guztiak telebistan izan ziren ikusgai, ETBn. Aurrerapausoa izan da emakume pilotarien normalizazioa bultzatzeko.

2016 sanferminetako bortxaketa

Feminismoaren aldarrikapenak ez dira kulturaren alorrean entzun bakarrik, gizarte eta politika mailan ere egin baitira urratsak. Batik bat, 2016ko sanferminetako bortxaketaren ondoren hasi zen gizartea aldatzen, biktmaren alde agertuta. Epaiketan ikusitakoak ere asko haserretu ditu herritarrak: defentsak detektibe pribatua kontratatu zuen, biktimari espioitza egiteko, eta gizarteak salatu egin zuen biktimak biktima dela erakutsi behar izatea. Emakumearen sinesgarritasuna zalantzan jarri zela ikusita, mugimendu feministek "nik sinesten zaitut” ekimena jarri zuten abian.

Epaiketan, biktimaren askatasuna jokoan egon dela eta gizartea konturatu egin dela esan du Varelak: "Neska bat gaueko ordu txikitan bakarrik ibili ahal den eta gogoz kontra sexu-harremanak izatera behartu ahal zaion epaitu dute".

Mugimendu feministek mobilizazioak egin zituzten Euskal Herrian eta Estatuan, matxismoaren aurkako jarrera erakusteko. Handiena Madrilen egin zuten, azaroaren 17an. Milaka pertsona bildu ziren orduan Justizia Ministerioaren aurrean biktimari babes osoa emateko.

Sanferminetako bortxaketaren ondoren, indarkeria matxista hedabideen agendan sartu dela uste du Momoitiok. Halaber, Iruñeko Mugimendu Feministak egindako lana txalotu du, "estrategia politiko egokia" diseinatu baitzuen. "Harro nago mugimendu feministarekin", esan du. Gainera, emakumeen borroka "gutxiesten" saiatu direnak "agerian" geratu direla azpimarratu du.

M8: Greba feminista

Aurtengo aurrerapauso nagusietakoa martxoaren 8ko greba feminista izan da. Iaz, 70 herrialdetan egin zuten bat, eta, aurten, 175tan egingo dute, Euskal Herrian barne.

Dena dela, deialdia ez da bateratua izan: Euskal Herriko Mugimendu Feministak lau orduko lanuzteak deitu ditu, ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta EHNE sindikatuekin batera. Bestalde, M8 Batzrodeak, CNTk eta CGTk 24 orduko greba deitu dute, eta UGTk eta CCOOk, aldiz, bi orduko lanuzteak.

Lanuzte horiez gain, mobilizazioak ere egingo dituzte hiri eta herri guztietan; nagusiak, 12:00etan eta 20:00etan izango dira.

Emakumeen garrantzia nabarmendu nahi dute greban, emakumerik gabe mundua gelditu egingo litzatekeela salatzeko. Horregatik, greba lau esparrutan egiteko deia egin dute: enpleguan, hezkuntzan, pertsonen zainketan eta kontsumoan.

Lehen aldiz, Islandian egin zuten greba feminista, 1975eko urriaren 24an. Emakumeen % 90ek egin zuten bat orduan, eta, ondorioz herrialdea erabat gelditu zen. Inflexio puntua izan zen. 2017an, AEBek, Argentinak eta Poloniak ere egin zuten bat.

Momoitioren arabera, greba "arrakastatsua" izan da hasi aurretik ere. "Ikusi besterik ez dago zenbat emakume mobilizatu diren eta zer-nolako oihartzun mediatikoa izan duen".

Grebak ezarritako helburu guztiak betetzea "zaila" izango da, Pikara aldizkariko koordinatzailearen aburuz, baina hedabideetan agertzea lortu dute. "Hedabideen agenda mediatikoan grebari buruz hitz egitea lorpen handia izan da, baita mugimendu feminista komunikabideetan egotea eta hitzetik hortzera ibiltzea ere".

Horren ildotik, "greba historikoa" izango dela aurreikusten du Irantzu Varelak. Horren ustez, grebak zainketaren esklabotza azpimarratuko du, ez direlako diruz ordaintzen, maitasunarekin baizik, eta emakumeak ohartu egingo dira esklabo direla.

Soldata arrakala

Emakumeentzako herrialderik onena Islandia da, The Economist aldizkariaren arabera. Horren adibide bat: aurten, soldata arrakala amaitzeko legea jarri dute indarrean. Gizon-emakumeen arteko soldata ezberdintasunari aurre egin dion lehen Gobernua izan da bertakoa. Hala ere, erabateko soldata berdintasuna lortzeak luze joko du: 2022rako aurreikusten du Islandiako lehen ministroak.

Bestalde, Hollywooden, gizonezko aktoreen eskutik ere etorri da soldata arrakala amaitzeko eskaria, eta askok euren soldatak murriztea ere eskatu dute, emakumeenekin parekatzeko.

Nazioarteko protestak ikusi ostean, arrakala hori bukatzea posible ikusten du Varelak. Enpresei isunak jartzea proposatu du zeregin horretarako.

Espainiako Estatuaren kasuan, Berdintasun Legea dago indarrean 2007tik, alor guztietan gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bermatzeko. Egoera aldatzeko, baina, legeak ezarritako neurriak betetzeko eskatu du Momoitiok. "Legea onartuta dago, ezarritako neurriak eraginkor bihurtzea falta da orain", esan du.

Garaipenak

Mugimendu feministek bultzatuta, emakumeek azkenaldian lortutako garaipenetako batzuk:

- Saudi Arabian, emakumeek ere gidatzeko eskubidea izango dute.

- Emakundek festa ez-sexisten aldeko apustua egin du, abestie playlist propioa sortuta.

- New Yorkeko Moda Astean modeloek aldagela pribatuak dituzte orain jantzia aldatzeko.

- Emakumeek gero eta pisu handiagoa dute zineman eta telebistan. 'Wonder Woman' filma eta 'Who doktorea' eta 'El Cuento de la Criada' telesailak dira horren adibide.

- AEBko politikagintzan, emakume hautagaien kopurua % 96,32 haztea lortu du Emily’s List erakundeak.

- Parekotasun Legea onartu dute Argentinan, hauteskunde zerrendetan emakumeen eta gizonen kopurua parekatzeko.

- Emakume zuzendariak nagusi Goya Sarietan: Isabel Coixetek (La Librería) zuzendari onenaren eta film onenaren sariak lortu ditu, eta Carla Simónek (Estiu 1993), aldiz, zuzendari berri onenarena.

- Editatona: Wikipedian emakumeen artikuluak aireratuko dituzte hainbat diziplinatan, emakumeari ikusgarritasuna emateko.