Itxi

Gizartea

Adierazpen instituzionala

Mugimendu feministaren aldarrikapenekin 'bat egin' du Eusko Jaurlaritzak

Agentziak | Erredakzioa

'Emakumeen Nazioarteko Eguna', Martxoak 8 dela-eta adierazpen instituzionala onartu du astearte honetan Gobernu Kontseiluak.

  • Josu Erkoreka Eusko Jaularitzako bozeramailea. Argazkia: EFE

    Josu Erkoreka Eusko Jaularitzako bozeramailea. Argazkia: EFE

“Eusko Jaurlaritzak, berez, ez du grebarik egingo, errepikatu du Josu Erkoreka EAEko Exekutiboaren bozeramaileak, baina deitutako ekimenekin bat egiteko Administrazioko langileen eskubidea “errespetatzen” dutela gogorarazi du. Zentzu horretan, Jaurlaritzak nazioarteko mugimendu feministaren aldarrikapenekin “bat egiten” duela azpimarratu du Erkorekak.

Horrela, 'Emakumeen Nazioarteko Eguna', Martxoak 8 dela-eta adierazpen instituzionala onartu du astearte honetan Gobernu Kontseiluak.

Aldarrikapenerako jardunaldia izango dela goraipatu du Exekutiboak adierazpenean, “nahiz eta aurrerapausoak eman, gizon-emakumeentzako berdintasunik ez dagoen gizarte batean bizi garelako”.

Era berean, “oinarrizko eskubide batzuk lortzeko, historian zehar bere burua eman zuten emakume guztiak” gogorarazteko eta aintzat hartzeko eguna izango dela dio adierazpenak.

"Egiturazko berdintasun eza"

“Mundu guztian, egiturazko berdintasun eza pairatzen dute emakumeek: gizon-emakumeen arteko soldata arrakala, botere eta erabakitzeko esparruetara heltzeko zailtasunak, zaintza eta etxeko lanen banaketa oso desorekatuaren ondorio diren lanaldi bikoitzak, lan merkatuan zailtasun handiagoak edo emakumeen aurkako indarkeria”, nabarmendu ditu testuak.

Horregatik, “berdintasun ezari aurre egiteko tresnarik onenak” berdintasun politikak direla errepikatu du Eusko Jaurlaritzak. Legealdi bakoitzean, diseinatu diren berdintasun plan ezberdinetan, planteatu izan diren ekintzarako ardatzak berretsi ditu Exekutiboak adierazpenean.

“Berdintasuna gizarte osoaren eta erakunde, entitate edo pertsona bakoitzaren erronka da; bakoitzak bere estrategiak ditu, guztiak osagarriak, gizon-emakumeen arteko berdintasuna bultzatzeko”, azpimarratu du.