Itxi

Gizartea

Greba feminista

Zer ekarpen egin ditzakete gizonek M8ko greba feministaren aurrean?

eitb.eus

Martxoaren 8ko greba feministari babesa eman nahi dioten gizonezkoen papera.

  • Argazkia: EFE

    Argazkia: EFE

Mugimendu feministek eta sindikatuek emakume greba deitu dute martxoaren 8rako, emakumerik gabe herrialdea gelditu egingo litzatekeela aldarrikatzeko. Helburu gehiago dituzte: indarkeria matxista eta sistema patriarkala salatzea, pairatu behar dituzten 'zamak' ikusaraztea eta alternatiba feminista bat eraikitzea.

Horregatik, greba lau esparrutan egiteko deia egin dute: enpleguan, hezkuntzan, pertsonen zainketan eta kontsumoan.

Gizonei ezin zaie legez debekatu greba egitea, baina mugimendu feministek lanuzteekin bat ez egitea eskatu diete. Izan ere, sektore feminizatuenak azaleratzea eta emakumeek ekonomian duten pisua erakustea da helburua. Gainera, gizonek emakumeek egin ohi dituzten lanak egitea da beste helburu bat, emakumeen desberdintasunak eta prekarietatea ezagutu ditzaten.

Batik bat, kontuan hartu behar da greba emakumeena izango dela.

Dena dela, badaude moduak gizonek ekarpenak egiteko greba arrakastatsua izan dadin. Hauek seinalatu dituzte mugimendu feministek:

- Aita bazara, seme-alabak zaindu, eztabaida bultzatu eta ikasle greba babestu.

- Laguna baza, zure burua eskaini emakume baten seme-alabak zaintzeko.

- Lankidea bazara, zure burua eskaini emakume lankide baten lana egiteko edota zerbitzu minimo izateko. Gainera, egun horretako soldata mugimendu feministari eman diezaiokezu, eta lantokian erresistentzia kutxa antolatu edo horrekin kolaboratu.

- Egin bat kontsumo grebarekin.

- Lanean erantzukizunak badituzu, ez jarri oztoporik greba egiteko, eta ez jarri zigorrik grebalariei.

- Ikaskidea bazara, erakutsi babesa deialdiari eta grebarekin bat egingo duten emakume ikaskideei.

- Irakaslea bazara, ez irakurri zerrenda. Gogoratu: falta justifikatuta dago, eta egun horretan klasean ez dauden emakumeak kalean egongo dira, “bizirik egon nahi dugu” aldarrikatzen.

- Antzerkigilea bazara, bertan behera utzi egun horretarako funtzioak eta entseguak. (Lanbide guztietarako eskaria).

- Zure familian norbaitek zaintzak behar baditu, eta emakume batek eman ohi badizkio, egun aproposa da zu zeu hori egiten has zaitezen.

- Emakume batekin sexu-maitasun harremana baduzu, egizu berak eskatutako edozer grebara joan dadin.

- Militantea bazara, sustatu deialdia eta lagundu emakumeek bat egin dezaten eta gizonek zerrenda hau irakur dezaten.

- Mobilizazio batera bazoaz (aurreko puntuetan emakume batek zure laguntza behar izan ez badu), entzun, ez izan protagonista eta ez eman agindurik. Emakumeak dira protagonistak.

- Greba egunaren aurretik eta ondoren beste gizonezkoekin bildu zaitezke, zuen maskulinitateen inguruan elkarrekin hausnartzeko, lan pertsonala eta kolektiboa egiteko, zuen pribilegioez kontzientzia hartzeko eta menderakuntzarik gabeko gizartea lortzeko bidean pausuak emateko.