Gizartea
GREBA FEMINISTA
Emakundek bat egiten du martxoaren 8ko greba feministaren aldarrikapenekin
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Izaskun Landaidak azpimarratu duenez, ez da ohiko greba bat, besteak beste, lan mundutik harago eragina duelako eta mugimendu sozialak deitu duelako mundu mailan.
-
Izaskun Landaida martxoaren 8raren harira antolatutako kanpainaren aurkezpenean. Argazkia: EFE
Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak bat egiten du martxoaren 8rako deituta dagoen greba feministaren aldarrikapenekin, eta emakume guztiek beren babesa eskaini ahal izateko "aukera anitz" daudela uste du, baita ohiko greba parte hartu ezin dutenek ere.
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean Gasteizen, Zuriñe Elordi idazkari nagusiarekin batera, emakumeen nazioarteko egunaren harira antolatu duen kanpainaren nondik norakoak azaltzeko.
Landaidaren esanetan, "ez da ohiko greba bat", besteak beste, nazioarteko mugimendu feministak deitu duelako, ez sindikatuek, eta protesta mundu osoko 177 herrialdeetan egingo delako.
Azpimarratu duenez, grebak lan mundurik haragoko eragina izango du; izan ere, lau esparrutan izango du eragina: enpleguan, hezkuntzan, pertsonen zainketan eta kontsumoan. Gainera, emakumeen lan-baldintzak hobetzeko, soldata arrakalarekin eta kristalezko sabaiarekin amaitzea, etxeko arduren partekatzea sustatzea eta indarkeria matxistaren aurkako borroka sustatzea. Horrenbestez, Emakundek bat egiten du greba honetako aldarrikapenekin.
Emakundeko zuzendariaren iritziz, greba egiteko hainbat aukera dituzte emakumeek, beraien egoera edozein dela ere.
Martxoaren 8ko kanpainaren aurkezpena
Emakumeen nazioarteko egunaren harira, antolatu duen kanpainaren berri ere eman du gaur Emakundek. Aurtengo kanpainan helduengan jarri du arreta, belaunaldi gazteagoekin arduratsu joka dezaten eta berdintasunaren transmisioa, egunero, eta bizitzaren arlo guztietan egion dezaten. "Berdintasuna ikasi egiten da. Irakatsi berdintasuna" lelopean, neskatilak eta mutikoak ditu protagonista, eta horien bidez gogorazten du ikastaldi baten fruitu direla haien jarrerak, balioak eta bizitzarekiko duten ikuspegia.
Aurten, Emakunderen sorreraren 30. urtemugarekin bat egiten du kanpainak, eta txartelez gain, irratiko iragarkiak, iragarki-bandak eta bideo bat biltzen ditu. Otsailaren 27a eta martxoaren 13a bitartean garatuko da, kanpoko euskarrietan, komunikabideetan eta sare sozialetan. Horrez gain, kartelak bidali dira erakundeetara, ikastetxetara, osasun zentroetara, elkarteetara, enpresetara, kultura-etxeetara, liburutegietara, eta abar.
Halaber, eta egunero belaunaldi berriei berdintasuna irakasten dieten bestelako jarrerak eta ekintzak erakuste aldera, herritarrak gonbidatuko dira sare sozialetan traola hau erabiltzera: #EnseñoIgualdad #BerdintasunaIrakastenDut