Itxi

Gizartea

Memoria historikoa

Gasteizko Udalak lau “memoriagune” jarriko ditu

agentziak | erredakzioa

Otsailaren 19an hasiko dira seinaleak jartzen, frankismoak hiriburuan eragindako biktimei aintzatespena, elkartasuna eta maitasuna adierazteko

  • Santa Isabel hilerriaren argazkia, memoria guneen lehen ekitaldia ospatuko den lekua.

    Santa Isabel hilerriaren argazkia, memoria guneen lehen ekitaldia ospatuko den lekua.

Gasteizko Udalak seinaleak eta informazio-panelak jarriko ditu ditu ‘memoriagune’ deitu dieten lau tokietan, otsailaren 19an, frankismoak Arabako hiriburuan eragindako biktimei aintzatespena, elkartasuna eta maitasuna adierazteko, Memoria Historikoaren Legeak ezartzen duen moduan.

Toki horien historia kontatzen duten informazio-panelak eta seinaleak jarriko dituzte lau gune horietan, eta seinale bakoitzak QR kodea izango du, eta etorkizunean informazioa gehitzeko aukera emango du.

Gorka Urtaran alkateak iragarri duenez, lehenengo seinalea otsailaren 21ean jarriko dute. Ekitaldia Santa Isabel hilerrian egongo da eta bertan frankismoak egin zituen fusilamenduak oroituko dira. Urtaranen esanetan, “proiektuaren helburua biktima orori aintzatespena, elkartasuna eta maitasuna adieraztea da”.

Lehen gune horretan memoriarako gunea inauguratu eta gero, frankismoaren zapalkuntzaren lekuko izan ziren hiru gune gehiago seinaleztatuko dituzte: Sagrado Corazón ikastetxea (emakumeen kartzela izan zen), Karmen komentua (atxikitze lekua bihurtu zuten) eta Bake Kalea (bertan egon zen Arabako espetxe probintziala). Astero bat inauguratuko dute, hurrengo asteetan.

Memoriarako guneak seinalatzeaz gainera, martxoaren 31 ezarri dute Gasteizko Udalbatzaren kide errepresaliatu eta hildako orori aintzatespena egiteko egun gisa. Martxoaren 31 hautatu dute 1937ko egun horretan hil zutelako Gasteizko alkate zen Teodoro Gonzalez de Zarate, beste 15 pertsonekin batera.