Itxi

Gizartea

Astelehenean atxilotu zuten

Donostiako tatuatzaile atxilotuaren aurkako salaketak 13 dira dagoeneko

Agentziak | Erredakzioa

Donostiako dendan urte eta erdi zeraman atxilotuak, baina salaketak “lehenagokoak” ere badira, Martin Ibabe zinegotziak jakitera eman duenez.

1:23

Bi salaketa berri jasotzea espero du gaur Donostiako Udaltzaingoak, beraz, “sexu abusu edo jazarpena” egotzita, astelehenean atxilotutako tatuatzailearen aurkako salaketak 13 izango lirateke jadanik. Litekeena da atxilotua asteazken honetan epailearen esku uztea, baina salaketa “gehiago egon daitezke”.

Martin Ibabe Herritarren Segurtasunerako eta Babes Zibileko zinegotziak jakinarazi duenez, ikerketa “ofizioz” hasi zen duela astebete, Facebook sare sozialean emakume batek dendan sexu-jazarpena egin ziola jakinarazi ondoren.

Ondoren, Udaltzaingoaren ikerketa taldeak informazio gehiago bildu du herritarren laguntzarekin, eta “atzora arte” bederatzi salaketa aurkeztu dira, horietako batzuetan “sexu jazarpena edo abusuarekin lotutako delituak leporatuz”. Horregatik, tatuatzailea atxilotzea erabaki zuten, zinegotziak esan duenez.

Donostiako dendan urte eta erdi zeraman tatuatzaile atxilotuak, baina salaketak “lehenagokoak” ere badira, negozioa “beste toki batzuetan zegoenean”, ondorioz, delitu batzuk “preskribatzea posible da”, zehaztu du Ibabek.

Udaltzaingoak gaur “beste bi salaketa” jasotzea espero du, horregatik ikerketa zabalagoa egingo dute, informazio berria epailearen esku uzteko, erantsi duenez.

Ibaberen hitzetan, “behin betiko delitu tipologia zehaztea epaitegiaren ardura da”. Zentzu horretan, salaketa “bakoitzak profil bat” duela zehaztu du zinegotziak.

Salaketa "gehiago izan daitezke"

Ustezko delituak egiteko tatuatzaileak behar izan duen denbora oraindik zehazterik ez dutela izan azaldu du zinegotziak. Are gehiago, auzia “amaitutzat ematerik” ez dagoela ohartarazi du Ibabek; izan ere, salaketa “gehiago izan daitezke”.

“Ikerketa luzatu ala ez denborak erabakiko du”, adierazi du Ibabek. Bestalde, herritarren laguntza eskatu du zinegotziak, auziaren inguruko informazioa biltzeko orduan “ezinbestekoa” izan delako.