Itxi

Gizartea

Martxoak 8

Martxoaren 8an grebara jotzeko deia egin die Mugimendu Feministak emakumeei

EITB.EUS

Enpresetan ez ezik, "ikusezinak" diren beste ogibide batzuetan ere egingo dituzte lanuzteak. "Zer gertatuko litzateke emakumeok egiten duguna egiteari utziko bagenio?", galdetu dute.

  • Euskal Herriko Mugimendu Feministaren agerraldia. Argazkia: EiTB

    Euskal Herriko Mugimendu Feministaren agerraldia. Argazkia: EiTB

Euskal Herriko Mugimendu Feministak bat egin du datorren martxoaren 8an nazioarteko 70 herrialdetan deitutako grebarekin. Horrela bada, lanuzteak egingo dituzte, ez bakarrik lan esparruan, baita zaintza alorrean, ikastetxeetan eta kontsumo esparruan ere.

"Zer gertatuko litzateke emakumeok egiten duguna egiteari utziko bagenio? Ez gara lan asalariatuaz soilik ari, sostengu afektiboa, dependentzia duten pertsonen zaintza lanak, hezkuntza, biziraupenerako nekazaritza... Zer gertatzen da sistema honek ezkutatu nahi duen lan hori guztia gelditzen bada? Martxoaren 8an ikusiko dugu", adierazi dute ohar baten bidez.

Martxoaren 8an, egunerokotasunean egiten duten guztia egiteari uzteko, grebara jotzeko eta Euskal Herriko hiri eta herrietan antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die Mugimendu Feministak emakume guztiei.

Lau orduko lanuzteak izango dira. Goizean, 11:00etatik 15:00etara, eta arratsaldean, 18:00etatik 22:00etara. Gainera, 12:00etan eta 20:00etan manifestazioak egingo dituzte.

"Sistema kapitalista, arrazista, klasista eta heteropatriarkalak" sexuaren araberako lana bultzatzen duela salatu dute. "Hori gutxi balitz, emakumeek egiten dituzten lanak gutxietsi eta ikusezin bihurtzen dituzte", erantsi dute.

Ildo horretan, gogora ekarri dute emakumeek gizonezkoek baino 7.489 euro gutxiago kobratzen dutela urtean. Halaber, etxean lan egiten duten emakumezkoen % 87 atzerritarrak direla eta herenak lan-kontraturik gabe jarduten duela jakinarazi dute.

"Sistema honek gure autonomia ekonomikoa zailtzen du eta horrek gure bizitza pertsonala, soziala eta politikoa kontziliatzea galaraztea dakar", erantsi dute.

Gainera, "berdintasun eza nagusi" dela eta emakumeen kontrako erasoak (hilketak, jazarpena, sexu-erasoak) egunero izaten direla azpimarratu dute.

Gauzak horrela, enpresa mundutik harago, planto egiteko deia luzatu diete emakumeei: "Lan arloan, ikasketetan zein kontsumoan greba egitera animatzen ditugu emakumeak. Proba dezagun zer gertatzen den emakumeok dagozkigun lanak egiteari uzten diogunean. Egin dezagun planto!".

Greba nazioartekoa eta ezohikoa izango dela nabarmendu dute. Hori dela eta, lantokietan lanuzteak egiteaz gain, egunerokoan egiten dituzten lanak ez egiteko eskatu diete emakumeei, hala nola, zaintza lanak, etxeko lanak edota erosketak.

Bestalde, ELA, LAB, STEILAS, ESK, Hiru eta EHNE Bizkaia sindikatuek Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako grebarekin bat egin dutela jakinarazi dute.