Itxi

Gizartea

Epaia

Konstituzionalak frackingaren aurkako EAEko legearen artikulu batzuk baliogabetu ditu

Agentziak | Erredakzioa

Epaiak Espainiako Gobernuak aipatutako legearen aurka jarritako helegitea partzialki hartzen du aintzat, eta ebazten du hainbat artikulu konstituzioaren kontrakoak direla.

1:12

Auzitegi Konstituzionalak partzialki hartu du aintzat Espainiako Gobernuak frackingaren aurkako EAEko legearen kontra jarritako helegitea, eta konstituzioaren aurkakotzat hartu ditu, bai eta baliogabetu ere, arauaren artikuluetako batzuk.

Epaian, Auzitegiak Haustura Hidraulikoaren eta Konbentzionalak ez diren Hidrokarburoen Erauzketarako Neurri Osagarrien euskal legearen 3. artikulua baliogabetzen du, bai eta 2. artikuluaren zati bat ere.

Argudiatzen duenez, 3. artikulua Konstituzioaren aurkakoa da "autonomia-erkidegoek ingurumena babesteko neurri osagarriak ezartzeko duen gaitasuna gainditzen duelako", eta 2.aren zati bat, aldiz, "lurraldetasunaren hastapena urratu litekeelako, autonomia-erkidegoaren aldetik, inpugnaturik izan diren beste zenbait agindurekin batera ikusita".

Legea 2015ean onartu zuten

EAEko legea 2015ean onartu zuten, 100.000 sinadurak baino gehiagok bultzatutako herri ekimen legegile bat abiapuntu. Kontrako helegiteak izan ez zitezen, ez zuen gasa erauzteko modu hori orokorrean debekatzen, baina hori gauzatzeko baldintzak asko zorrozten zituen, eta, hortaz, ia-ia ezinezko bilakatzen zue n praktikan jartzea.

Hain zuzen ere, euskal legeak baimena ematen die Euskadiko erakundeei haustura hidraulikoari betoa jartzeko, baldin eta horren eragina negatiboa bada, geologian, ingurumenean, paisaian, gizartean edo ekonomian.

Auzitegiak Kantabriako, Errioxako eta Kataluniako legeak ere baliogabetu zituen. Hiru arau horiek "frackinga" debekatzen zuten, eta Espainiako Gobernuak helegitea jarri zuen, EAEkoarekin egin duenez. Nafarroakoa ere baliogabetu zuen.

3. artikulua eta 2.aren zati bat, baliogabetuta

Epaiak euskal arauaren 3. artikulua baliogabetzen du; nabarmentzen du baliogabetutako Kataluniako legean berdina zen bat zegoen. Horretan islatuta dagoenez, "urbanizatzeko modukoa den lursailetan ez dago baimenduta haustura hidraulikoa, baldin eta lurraldeko ezaugarri geologikoetan, ingurumenean, paisaian edo eskualdeko gizartean edo ekonomian eragin negatiboa izan ahal badu; halaber, debekatuta izango da eragin txarra izan beharko balu EAEko eskumenen beste eremuren batean, lurralde- hiri- edo ingurumen-antolamenduek ezarritakoa kontuan izanik".

Auzitegiaren iritziz, artikulu horrek gainditzen du autonomia-erkidegoek ingurumena babesteko neurri osagarriak ezartzeko duten gaitasuna.

Autonomia-erkidegoek eskumena dute ingurumena babesteko neurri osagarriak zehazteko, baina, horien artean, ez dago "frackinga" erabat eta baldintzarik gabe debekatzekoa; izan ere, Estatu mailako hidrokarburoen sektorearen legearekin kontraesankorra izango litzateke, eta lege horrek "frackinga" baimentzen du.

Autonomia-erkidegoek zehaztutako neurriak "zentzuzkoak" eta "proposatutako helburuaren araberakoak" izan beharko dira; ezin izango dute oinarrizko araudia urratu, meatzearen eta energiaren arloan.

3. artikuluaz gain, lehenengo xedapen iragankorra ere baliogabetzen du; bertan, aipatutako artikuluaren izaera iragankorra dago zehaztuta.

2. artikuluaren tartekia ere Konstituzioaren aurkakoa dela ebazten du Auzitegiak, eta, hortaz, baliogabetzen du; tarteki horren arabera, gas-baliabide ez konbentzionalak dira "itsasoan lurperatuta dauden metano-hidratoak"; izan ere, legean inpugnaturik izan ez diren beste artikulu batzuekin batera, "aukera legoke Euskadik eskumena hedatzeko lurraldeko itsasora eta itsas zorupera. Horiek ez daude EAEko lurraldean, eta, hortaz, lurraldetasun-hastapena urratu liteke".

Helegitea beste artikulu batzuen aurka jarri dute, baina konstituzionalak dira

5. artikuluaren aurka ere jarri zuen Espainiako Gobernuak helegitea, baina, epaiaren arabera, ingurumenaren gaineko Estatuko araua betetzen du, eta ez du urratzen Estatuak meatzearen eta energiaren arloan arautzeko duen eskumena.

Adierazten duenez, artikuluak ez du debekatzen, orokorrean, "fracking"a EAE osoan; akuifero bakoitzaren ebaluazioa aurreikusten du, eta kasu batzuetan bakarrik debekatzen du (kutsatzeko ahultasun-maila ertaina, altua edo oso altua denean).

Auzitegiaren arabera, artikulu hori ez da zentzugabea, ez eta neurrigabea ere, zein helburu duen kontuan izanik; ingurumenaren arloko Estatuko legeek ere antzeko neurriak dituzte, lurpeko urak babestu nahian.

Epaiak ere atzera bota du 6. artikuluaren aurkako helegitea, bai eta artikulu horren xedapen iragankorraren kontrakoa ere.

Boto partikular baten bidez, gelako hiru epailek 3. artikuluaren gaineko argudioekin eta epaiarekin bat egiten ez dutela aipatzen dute; diotenez, epaiak ez du kontuan izaten hastapena "ingurumen-antolamenduak ezarritakoarekin lotuta dagoela".

Epaile horien iritziz, analisia ingurumena babesteko eskumenari buruzko ikuspegitik abiatu beharko zen, eta, hori eginda, helegitea atzera botako zuten.

Eusko Jaurlaritzak ebazpena deitoratu du

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Auzitegi Konstituzionalaren ebazpena deitoratu du, erabaki "zorrotzena" aukeratu duelako.

Ohar baten bidez, Jaurlaritzak esan du lege hori ez zela bere ekimenez egin eta, beraz, talde parlamentarioei dagokiela epaiari buruzko balorazioa egitea.

Nolanahi ere, Espainiako Gobernuak lege horren kontra egin zuenean, Eusko Jaurlaritzak arauaren legezkotasuna defendatu zuela gogoratu du, lehendabizi negoziazioaren bidez, eta akordioa ezinezkoa izan zenean, Auzitegi Konstituzionalean alegazioak aurkeztuta.

Jaurlaritzak erantsi du ez datorrela bat Konstituzionalak esandakoarekin, baina ebazpena errespetatu egiten duela.

Amaitzeko, Jaurlaritzak adierazgarritzat jo du erabakia aho batez hartu ez izana.