Gizartea
NAFARROA
Berriozarko udaletxean ikurrina jartzea baliogabetu du Auzitegi Administratiboak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Auzitegi Administratiboak horrela erantzun dio UPNk aurkeztutako helegiteari.
Nafarroako Auzitegi Administratiboak baliogabetu egin du Berriozarko jaietan, abuztuan, herriko udaletxeko balkoian ikurrina, bestelako banderak eta presoen aldeko pankartak jartzea.
Bere garaian helegitea aurkeztu zuen UPN alderdiak adierazi duenez, auzitegiak arrazoia eman dio presoen aldeko pankartak erakusteari dagokionez. Epaitegietako testuaren arabera, "udal erakundeek izan behar dituzten objektibotasun eta neutraltasun printzipioak urratzea dakar"; izan ere, "kausa jakin bati babesa eta atxikimendua ematen dio".
Ikurrinari dagokionez, Auzitegi Administratiboak azpimarratu du "Nafarroakoa ez den beste autonomia erkidego bateko bandera" jarri zela herriko ageriko toki batean.
Berriozarko Udalaren hitzetan, behin Sinboloen Legea baliogabetuta eta beti ere Espainiako bandera ikusgai baldin badago, ez dago ikurrina jartzeko debekurik. Auzitegiak dio, ostera, Nafarroako Amejoramendu Legea indarrean dagoela eta horrek zehazten duela Nafarroako ikurra zein den.
>