Gizartea
Otxarkoagako krimena
Ijitoen elkarteek indarkeria 'gaitzetsi' eta justiziarengan konfiantza agertu dute
Agentziak | Erredakzioa
Herri Ijitoaren Sustapen eta Parte-hartzerako Euskadiko Kontseiluak azpimarratu duenez, justiziaren ekintzarengan konfiantza du, “beharrezko zehaztasunarekin jardungo duelako”.
-
Krimena gertatu zen etxebizitza, Bilboko Otxarkoaga auzoan. Artxiboko argazkia: EFE
Ijitoen Euskadiko elkarteek edozein indarkeria ekintza “gaitzetsi” dute gaur, “jatorria bata ala bestea izan”. Gainera, justiziarengan konfiantza azaldu dute. Bilboko Otxarkoaga auzoan gertatutako krimenarekin zerikusia dutelakoan, bi adingabe ijito atxilotu dituzte azken egunetan.
Herri Ijitoaren Sustapen eta Parte-hartzerako Euskadiko Kontseiluak agiri batean azpimarratu duenez, justiziaren ekintzarengan konfiantza du, “beharrezko zehaztasunarekin jardungo duelako”. Bestalde, biktimen senideei eta lagunei “elkartasuna, errespetua eta doluminak” agertu dizkie, “gertakariak herritar guztiak atsekabetu dituelako”.
“Elkarbizitzan oinarritutako euskal gizarte bat eraikitzeko lanean laguntzeko erabateko borondatea agertu nahi dugu”, adierazi du agirian. “Zentzutasuna” eskatu eta gaiaren inguruko beste adierazpenik egingo ez dutela erantsi du elkarteak.
Otxarkoaga auzoko krimenarekin zerikusia dutelakoan, Ertzaintzak hiru nerabe atxilotu ditu: 14 urteko bi ijito eta 16 urteko beste adingabe bat.
Aurreneko biak Zumarragako (Gipuzkoa) adingabeen zentrora bidali zituzten astelehenean, fiskalaren aurrean deklaratu ondoren. Hirugarrena Adingabeen Fiskaltzaren esku dago. Azken atxilotuak bere burua entregatu zuen astelehenean.
87 urteko bikotearen heriotzarekin ustez zerikusia dute adingabeek. Gertakariak iragan ostegunean jazo ziren. Bikotea labankadaz eta kolpeka hil zuten erasotzaileek.