Gizartea
BILBO
Otxarkoagako hilketagatik atxilotutako hiru gazteen etxeak miatu dituzte
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bestalde, astelehenean Zabalburuko ertzain etxean bere kabuz aurkeztu zen 16 urteko mutikoak Adingabeen Fiskaltzaren aurrean deklaratu du goizean.
Bilboko Otxarkoaga auzoan izandako hilketarekin zerikusia duelakoan atxilotutako hirugarren pertsonak astearte honetan deklaratu du Adingabeen Fiskaltzaren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Halaber, Ertzaintzako agenteek hiru atxilotuen etxeak miatu dituzte, hiru gazteak bertan zirela.
Atxilotuak 16 urte ditu eta bere kabuz aurkeztu zen, atzo, Zabalburuko ertzain etxean. Handik Deustuko polizia etxera eraman zuten eta bertan igaro du gaua.
Ikerketako iturriek jakitera eman dutenez, atxilotua biktimen etxebizitzatik gertu bizi zen eta ez du aurrekaririk.
Bestalde, igandean atxilotu zituzten 14 urteko mutilak Zumarragako (Gipuzkoa) zentrora eraman zituzten atzo, Adingabeen Fiskaltzaren aurrean deklaratu ostean.
Joan den ostegunean, 15:00ak aldera, 87 urteko senar-emazteen hilotzak topatu zituzten Otxarkoagako etxebizitza batean. Buruan eta aurpegian hainbat kolpe zituzten.
Etxea dena nahasia zegoen. Hori dela eta, hipotesi nagusia da indarkeriaz egindako lapurreta batean hil zituztela biak.
Ertzaintzak bere gain hartu zuen ikerketa eta horren ondotik hiru pertsona atxilotu dituzte.