Itxi

Gizartea

Bilbo

Otxarkoagako hilketaren egileak gutxienez bi izango lirateke

eitb.eus

Radio Euskadik ikerketako iturrien bidez jakin ahal izan duenez, aurkitutako frogek planifikatu gabeko erasoa izan zela erakutsi dute.

  • Otxarkoagako hilketaren artxiboko argazkia. EiTB

    Otxarkoagako hilketaren artxiboko argazkia. EiTB

Ikerketa gertutik jarraitzen ari diren iturriek Radio Euskadiri jakinarazi diotenez, Otxarkoagako (Bilbo) hilketaren egileak gutxienez bi izango lirateke. Halaber, aztertutako frogen arabera, planifikatu gabeko delitua izan dela dirudi, antolatu gabeko ekintza, alegia. Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da, eta hipotesi guztiak irekita daude.

Ertzaintzak kasua ikertzen jarraitzen du. Ostegun eguerdian jabetu ziren bikotearen hilketaz, 15:00ak aldera. Bi gorpuek kolpe-markak zituzten buruan, etxebizitza nahasita zegoen, eta odol asko aurkitu zuten bertan. Dirudienez, erasotzaileak zerbaiten bila aritu ziren, eta gauean egin omen zieten eraso, aipatutako iturrien arabera.

'Segurtasun faltaren sentsazioa' amaitzeko eskaera, Otxarkoagan

Otxarkoagako bizilagunek elkarretaratzea egin zuten ostiralean 20:00etan Kepa Enbeitia plazan, 87 urteko senar-emazteen hilketa gaitzesteko eta erakundeei "segurtasun eza sentsazioa amaitzeko".

Auzoko elkarteen koordinakundeak deituta, ehunka pertsona bildu ziren protestan "Otxarkoaga también se mueve. Aski da!. ¡Basta ya!" (Otxarkoaga ere mugimenduan. Aski da) lelopean.