Itxi

Gizartea

Krimena Bilbon

'Segurtasun faltaren sentsazioa' amaitzeko eskatu dute Otxarkoagan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ehunka pertsonak protesta egin dute Otxarkoagako adineko senar-emazteen hilketa gaitzesteko eta erakundeei neurriak eskatzeko.

0:56

Otxarkoagako bizilagunek elkarretaratzea egin dute 20:00etan Kepa Enbeitia plazan, 87 urteko senar-emazte batzuen hilketa gaitzesteko eta erakundeei "segurtasun eza sentsazioa amaitzeko".

Auzoko elkarteen koordinakundeak deituta, ehunka pertsona bildu dira protestan "Otxarkoaga también se mueve. Aski da!. ¡Basta ya!" (Otxarkoaga ere mugimenduan. Aski da) lelopean.

Juan Mari Aburto alkatea ere bertan izan da, eta hainbat pertsonak kritikatu egin dute. Udal talde guztien ordezkariek ere parte hartu dute deialdian.

Elkarretaratzearen ostean, auzokideek manifestazioa egin dute auzotik, eta minutu batzuetako isiluneak egin dituzte Zizeruena kaleko 16. zenbakiaren parean, bertan, etxean, agertu baitziren hilda senar-emazteak.

OTXARKOAGA CONCENTRACION

Argazkia: EFE

Koordinakundearen bozeramaile batek azaldu duenez, garrantzitsua zen auzoa kalera ateratzea, esaten ari baita "segurtasun eza" dagoela. "Baina ez dugu hori esan nahi; auzoa bizirik dago, jendea lasai egon daiteke bertan, baina egia da azken hilabeteetan lapurreta ugari egon direla.

Elkarretaratzea egin baino lehenago publikatutako agiri batean, Otxarkoagako Taldeen eta Elkarteen Koordinakundeak familiakoei eta lagunei doluminak agertu dizkie: "Aski da, Otxarkoagako bizilagunok nahi dugu erakundeek amaiera ematea auzoan egun dugun segurtasunik ezaren sentsazioari. Badakigu arazoa ez dela bakarrik Otxarkoagakoa, eta beste auzo batzuetan ere antzeko gertakariak ari direla pairatzen".

Ohartarazi dute ez dutela nahi "hitz ederrik, ezta promesik ere", eta nabarmendu ere nabarmendu dute irtenbideak nahi dituztela: "Tamalez, egoera hau errepikatzen ari da; Otxarkoaga auzo bizia da, atsegina eta solidarioa, eta ez dugu merezi hau bezalakorik gertatzea".

Azkenik, adierazi dute irtenbidea ez dagoela bizilagunen esku, "baizik eta erakundeen esku; izan ere, beharrezko neurriak hartu behar dituzte, horrelakorik berriro gertatu ez dadin".