Gizartea
Bilbo
Senar-emazteen gorpuetan labankadak eta indarkeria-zantzu nabarmenak daude
Agentziak | Erredakzioa
Hilotzek kolpe-markak zituzten buruan, etxebizitza nahasita zegoen, eta odol asko aurkitu zuten bertan. Erasoa gauean egin zuten, Ertzaintzaren arabera.
Otxarkoagan ostegun arratsaldean hilda aurkitutako 87 urteko senar-emazteak indarkeria handia erabiliz hil omen zituzten, horien gorpuetan kolpe-markak eta labankadak aurkitu baitituzte, polizia-iturriek jakitera eman dutenez. Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko.
Ostegun eguerdian jabetu ziren hilketaz, 15:00ak aldera. Biktimen senide bat haien etxera joan zen, Bilboko Otxarkoaga auzoko Zizeruena kaleko 16.era; izan ere, telefonoz ari zitzaizkien deitzen, baina ez zuten erantzuten.
Bi gorpuek kolpe-markak zituzten buruan, etxebizitza nahasita zegoen, eta odol asko aurkitu zuten bertan. Dirudienez, erasotzaileak zerbaiten bila aritu ziren, eta gauean egin omen zieten eraso, aipatutako iturrien arabera.
19:00ak jota zirenean, Bilboko institutu anatomiko forentsera eraman zituzten hilotzak, autopsia egitera.