Itxi

Gizartea

Ikerketa

Urrengoetxearen hilketarekin ustez nahasitako bi adingabeak, zentroetara

Agentziak | Erredakzioa

16 urteko adingabea Zumarragako adingabeentzako zentroan sartu dute; hilketa horretan nahasita omen dagoen beste nerabea, 13 urtekoa bera, Bizkaiko Foru Aldundiaren tutoretzapean izango da.

Ibon Urrengoetxearen hilketarekin ustez zerikusia duen 16 urteko adingabea Zumarragako adingabeentzako zentroan sartu dute; hilketa horretan nahasita omen dagoen beste nerabea, 13 urtekoa bera, Bizkaiko Foru Aldundiaren tutoretzapean izango da aurrerantzean. Horrela, foru erakundearen zentro batean sartuko dute.

Ikerketako iturriek jakitera eman dutenez, 16 urteko mutikoak goizean deklaratu du epailearen aurrean, eta agerraldia bukatu ondoren Zumarragako adingabeen zentrora eraman dute. Atzo Justizia Jauregian aurkeztu zen, bere amarekin eta abokatuarekin batera.

Beste nerabea, 13 urteko adingabea, duela egun batzuk agertu zen Ertzaintzaren polizia-etxe batean. Auzia Adingabeen Fiskaltzaren esku utzi zuen Ertzaintzak; gaur gurasoei gaztearen zaintza kendu diete. Horrela, Bizkaiko Foru Aldundiaren tutoretzapean geratuko da.

Identifikaturik

43 urteko Urrengoetxearen hilketarekin zerikusia zutelakoan bi adingabe identifikatzea lortu zuen Ertzaintzak. Biktima abenduaren 23an hil zuten, Bilbon, lapurreta egin ondoren.

Bi adingabeek aurrekariak dituzte. Antza denez, aldez aurretik antzeko lapurretak egin dituzte.

13 urteko mutikoa ezin dute atxilotu edo inputatu; izan ere, 14 urtez beherako adin txikikoa da, erantzukizun penala izateko gutxieneko adina.