Gizartea
Bilbo
Bi mutil identifikatuta, tartean 13 urteko bat, Urrengoetxearen hilketarekin lotuta
EiTB.EUS
13 urteko nerabeak ez du legezko gutxieneko adina, eta ezin diote deliturik leporatu. Identifikatutako beste mutila 14 urtez gorako adingabea da, eta bere burua entregatu du epaitegian.
Ertzaintzak bi mutil adingabe identifikatu ditu, tartean 13 urteko bat, Ibon Urrengoetxea Zornotzako bizilagunaren ustezko hiltzaile gisa. Abenduaren 23an hil zuten Urrengoetxea, Bilbo erdigunean.
13 urteko nerabea Deustuko (Bilbo) Ertzain-etxean galdekatu dute. Ez dute atxilotu, legezko gutxieneko adina (14 urte) ez duelako. Zigor Kodearen arabera, 18 urte izan behar dira adinez nagusi izateko, baina 14 urtetik aurrera erantzukizunak eska diezazkiekete nerabeei. Adin horretatik beherakoei, ordea, ezin zaie deliturik egotzi. Auzia Adingabeen Fiskaltzaren esku dago.
Ibon Urrengoetxea 43 urteko zornotzarra 2017ko abenduaren 23an hil zuten bi gizonezkok, Bilbo erdigunean. Lapurtu eta kolpatu ostean, ihes egin zuten biek.
Bigarren mutila, epaitegian
Bestalde, identifikatutako bigarren adingabeak Bilboko guardiako epaitegian entregatu du bere burua.
14 urtez gorakoa da, eta, horrenbestez, inputatua izateko adina du.
Esteban (EAJ): 'Legezko gutxieneko adina ondo ezarria dago'
Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileari gai horren inguruan galdetu diote gaur Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Horren hitzetan, Urrengoetxearen kasua "apartekoa da ustezko hiltzailearen adina" kontuan hartuta.
Dena dela, legezko gutxieneko adina ondo ezarria dagoela uste du, "14 urte oso gutxi" delako. "Zein urtera arte jaitsi behar dugu? 10 urtera arte? 8 urtera arte? Hori al da proposatuko duguna?, galdetu du.