Itxi

Gizartea

Hezkuntza

Urkulluk 'erantzukizunez' aritzea eskatu du, ikastetxeetan tentsioa ekiditeko

Agentziak | Erredakzioa

Institutu berria inauguratu du lehendakariak Ugaon, eta bertan adierazi du "elkarrizketarako, eztabaidarako eta negoziaziorako espazioak" daudela.

1:27

Iñigo Urkullu lehendakariak "ahalik eta erantzukizun handienarekin" aritzea eskatu die hezkuntza arloko agenteei, ikastetxeetan "tentsioa" ekiditeko eta geletan "lasaitasuna" bermatzeko.

Institutu berria inauguratu du lehendakariak Ugaon (Bizkaia) eta, modu esplizituan hezkuntza arloko mobilizazioak aipatu ez baditu ere, adierazi du "elkarrizketarako, eztabaidarako eta negoziaziorako espazioak” daudela. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin batera izan da Urkullu ikastetxe berrian.

Bertan esan du, gizartearen eskaria dela "garrantzitsua den horretan" zentratzea, eta hori hezkuntza dela. Horregatik, lehendakariak azpimarratu du "espazio hori babestu" behar dela, "hezkuntza prozesua oztopatu dezaketen tentsioen eta aldarrikapenen menpe utzi gabe".

Urkulluren hitzetan, hezkuntza hobetzea Jaurlaritzaren "erronka eta lehentasuna" da, eta gaineratu du lau eurotik bat arlora horretara bideratzen direla. Lehendakariaren ustez, euskal gizartea "jakitun" da Jaurlaritza ahalegina egiten ari dela ikastetxeetan lan egiten duten langile guztien egoera hobetzeko. Horri lotuta, esan du inbertsioak egiteaz gainera lanean arituko direla "esparru guztietan" baldintzak hobetzeko, eta bereziki aipatu ditu LEPak, errefortzu programak, ordezkapenak eta hezkuntza bereziko irakasleak. Edonola ere, irakasleen "inplikazioa berebizikoa da", Urkulluren aburuz, eta "hain erantzukizun maila altua duen lanbide gutxienetakoa" dela uste du.

Ugaoko institutu berriak 4,4 milioi euroko kostua izan du eta 2017ko irailetik DBHko lehen eta bigarren mailako 66 ikasle hartzen ditu (Ugaokoak, Arrankudiagakoak eta Zeberiokoak). 14 irakasle daude bertan.