Gizartea
epaiketa, azken txanpan
Sanferminetako bortxaketaren biktimaren abokatua: 'Irabazi egingo dugu'
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ikusmin handia piztu du azken bi saioak publikoak izateak, eta ilara sortu da aretora sartzeko (edukiera mugatua du).
2016ko sanferminetan izandako talde-bortxaketaren epaiketaren azken bi saioei ekin diete gaur Iruñeko Justizia Jauregian. Izan ere, gaur akusazioek ondorioak aurkeztuko dituzte, eta defentsak gauza bera egingo du asteartean. Saio publikoak izango dira, herritarrei zabalik, beraz.
Justizia Jauregira heltzean kazetariei egindako adierazpenetan baikor agertu da Carlos Bacaicoa biktimaren abokatua: "Irabazi egingo dugu. "Sentsazio onak ditu, egia esan", erantsi du. Bacaicoak ez ditu bere ondorioak aurreratu nahi izan. Horrez gain, azken bi saioak publikoak izateari buruz duen iritzia galdetuta, "garrantzi gutxikoa" iruditzen zaio, baina berak ateak itxita egitea nahiago zuela aitortu du.
Aretoa, beteta
Saioa publikoa izateak ikusmin handia piztu du. Aretoak edukiera mugatua du, eta hori dela, ilara sortu da Justizia Jauregiaren aurrean, sartu ahal izateko. 07:20ean jendea zegoen jada. Aretoa beteta dagoela egingo dute gaurko saioa.
Azkenean, 46 kazetari eta 24 herritar izango dira aretoan. Argazkilariek eta kamerariek ezin izan dute sartu, eta epaimahaiak neurri zehatzak hartu ditu grabazioak saihesteko. Hala, auzi aretoan ezin izan dira audio edota bideorik graba dezakeen edozein gailu elektroniko (sakelakoak, ordenagailuak, tabletak, erlojuak, grabatzaile, boligrafo digitalak, betaurrekoak..) sartu. Kazetariei arkatzak edo boligrafo sinpleak eramatea aholkatu diete, oharrak hartu ahal izateko. Ezarritako debekuak betearazteko foruzainak izango dira aretoan.
Aurrena, Elena Sarasate fiskalak hartuko du hitza, bi bat orduz. Gero, akusazio partikularraren txanda izango da, eta azkenik, herri akusazioena (Iruñeko Udala eta Nafarroako Gobernua).
Asteartean defentsen txanda izango da. Agustin Martinez Becerra bost akusatuetatik hiruren abokatuak esan duenez, "beldur" da akusazioek euren hasierako idatzietan esandakoa "berrestea, 10 egunotan gertatu denari jaramon egin gabe. Abokatu horren ustez, biktimaren deklarazioa "nahikoa argia izan zen, harremanak bortxazkoak izan ziren baztertzeko".
Bederatzi egun, ateak itxita
Epaiketa joan den azaroaren 13an hasi zen. Egun hartako saioan bost akusatuek errugabetzat jo zuten euren burua, eta horietako batek onartu egin zuen bortxatutako neskari sakelako telefonoa lapurtu izana.
Azaroaren 23ra bitartean hainbat lekukok eta poliziek deklaratu dute, ateak itxita, eta zenbait polizia-txosten erakutsi dituzte. Egun garrantzitsuenak izan dira azaroaren 14a eta azaroaren 22a, biktimak eta bost akusatuek, hurrenez hurren, deklaratu baitzuten.
Ministerio Fiskalak, akusazio partikularrak eta herri-akusazioak akusatuentzako espetxe-zigorrari eutsi diote; defentsak, berriz, akusatuak aske uztea eskatu du, eta horietako baten defentsak, gainera, epaiketa baliogabetzea eskatu du, "oinarrizko eskubideen urraketagatik".
Ministerio Fiskalak gaur 22 urte eta 10 hilabeteko espetxealdia eskatzea espero da; akusazio partikularrak, 24 urte eta bederatzi hilabete; eta herri-akusazioak (Iruñeko Udaletxeak eta Nafarroako Foru Erkidegoak), 25 urte eta bederatzi hilabete.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.