Gizartea
Sanferminetako bortxaketa
Taldekako bortxaketaren epaiketaren azken bi saioak ateak zabalik egingo dituzte
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
“Ahozko” akordio baten arabera, azaroaren 24ko eta 27ko saioak ateak zabalik egingo dituzte, azken txostenak aurkezteko.
Nafarroako Auzitegiaren Bigarren Sekzioa 2016ko sanferminetan izandako taldekako bortxaketa epaitzen ari da. Epaiketa ateak itxita egiten jarraitzea erabaki du Auzitegiak, orain arte bezala, azken txostenen aurkezpena salbu.
Jose Javier Echeverria abokatu nafarrak hala baieztatu du gaur, epaiketaren laugarren saioan egindako atsedenaldietako batean. Agustin Martinez Becerrarekin batera bost auzipetuetatik hiru defendatzen ditu Echeverriak.
“Ahozko” akordio baten arabera, azaroaren 24ko eta 27ko saioak ateak zabalik egingo dituzte, abokatuak zehaztu duenez.
Goizeko saioan, azken txostenen azalpena ateak zabalik egiteko aukeraz galdetu die epaimahaiak aldeei. Auziko alde guztiak ados agertu dira.
Ondoren, epaiketaren gainerako saioak ateak zabalik egitea eskatu du Martinez Becerrak. Epaiketa azaroaren 27an, astelehena, amaitzea espero da.
Martinez Becerraren hitzetan, "sare sozialen presioaren eraginez, epaiketa paralelo izugarria egiten ari dira". Akusazioak kontra agertu dira.
Nafarroako Auzitegiko Bigarren Sekzioko epaimahaia bilduta egon da, eskaera hori aintzat hartu edo ez erabakitzeko. Ateak itxita berrekin dute saioa, 12:30 aldera.
Epaiketaren laugarren saioa
Epaiketaren laugarren saioa izan da gaurkoa, eta zortzi foruzainek eta bi lekukok deklaratu dute.
Erasoa gertatu zen ezkaratzeko bizilagun batek eta akusatuak joan ziren hotel bateko langileak deklaratu dute, eta aurreikusita zegoen emakumearen eskuko telefonoa aurkitu zuen pertsonak ere egitea, baina azkenean ez du egin, bidaia batean dagoelako.
Udaltzainak: "Shock egoeran zegoen emakumea"
Asteazkeneko saioan, lehen unean emakumea artatu zuten udaltzainek adierazi zutenez, emakumeak ez zuen itxurarik egin. Lau udaltzain horiek eta erasoaren ondoren esku hartu zuten foruzainek orduan egindako txostenak berretsi dituzte epailearen aurrean.
Halaber, Nafarroako Auzitegiko Bigarren Sekzioak onartu egin du 18 urteko biktimak sare sozialetan argitaratu duen argazki bat froga gisa erabiltzea epaiketan.
Biktimak ia lau orduz deklaratu zuen asteartean. Iruñera bertaratu behar izan zen, epaileak Madriletik bideokonferentzia bidez egiteko aukera ukatu ostean. Ez zituen bere erasotzaileak ikusi, beste areto batean jarri zituztelako. Erasoa jasan ostean esandakoari eutsi dio emakumeak, bostek bortxatu egin zutela, "bere nagusitasun fisikoa aprobetxatuta eta gehiago zirela" eta biktimak "erresistentzia txikiena ere egiteko ezintasuna" baliatuta.
Akusatuek grabatutako bideoak ikusgai izan ziren astearteko saioan, eta hasiera batean defentsak hala eskatu bazuen ere, emakumea ez zuten ikustera behartu.
Fiskaltzak 22 urte eta 10 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du akusatu bakoitzarentzat sexu eraso jarraituaren eta intimitatearen kontrako delitu bana leporatuta. Bost gizonek errugabeak direla esan zuten epaiketaren lehen egunean, eta bakar batek onartu zuen sakelakoa lapurtu ziola emakumeari.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.