Itxi

Gizartea

Sanferminetako bortxaketa

Epaileak frogatzat onartu du bortxatutako neskari egindako espioitza

EITB.EUS

Auzipetuen defentsak sexu-erasoaren biktima zelatatzea agindu zuen eta orain epaileak informazio hori epaiketan erabiltzea onartu du.

  • Bortxaketa salatzeko Iruñean egin zuten mobilizazioa. Artxiboko argazkia: EiTB

    Bortxaketa salatzeko Iruñean egin zuten mobilizazioa. Artxiboko argazkia: EiTB

Atzo hasi ze Nafarroako Auzitegian 2016ko sanferminetako bortxaketaren epaiketa eta epaileak frogatzat onartu du biktimari egindako espioitza, ETBk jakin ahal izan duenez.

Sexu-erasoa egotzita, Sevillako bost gazte daude auzipetuta. Horietako hiruren abokatuak bortxaketaren biktima zelatatzeko agindua eman zion detektibe pribatu bati eta epaileak informazio hori epaiketan erabiltzea onartu du.

Komunikabide batzuen arabera, jarraipenak egin zizkioten eta haren sare sozialak zelatatu dituzte. Familiarekin eta lagun batzuekin oporretan zela ere espiatu egin zuten.

Epaiketa ustezko bost bortxatzaileen aurkakoa bada ere, epaileak onartu egin du defentsako abokatuak espioitzaren bidez biktimari buruz lortu duen informazioa erabiltzea.

Areago, bortxaketa horren aurretik bost auzipetuek Andaluzian egindako beste sexu-eraso bat epaiketa honetan aurrekari froga gisa erabiltzea baztertu du epaileak.

Biktimak gaurko saioan deklaratu du eta bost auzipetuek bortxatu egin zutela berretsi du epailearen aurrean.

Madriletik Iruñera joan behar izan du biktimak; izan ere, epaitegiak errefusatu egin zuen deklarazioa bideokonferentziaz egitea.

Biktimak ia lau orduz deklaratu du, eta ez ditu akusatuek grabatu zituzten bideoak ikusi behar izan.

Gainera, emakumeak ez du topo egin bost ustezko erasotzaileekin, beste gela batetik jarraitu baitute haren deklarazioa, bideokonferentziaz.

Akusatuek atzoko saioan deklaratu zuten eta errugabetzat jo zuten beren burua. Horietako lauk ukatu egin zuten neska gazteari lapurtu izana; bosgarrenak, berriz, onartu egin zuen sakelako telefonoa ostu ziola biktimari.

Epaiketa azaroaren 24an bukatuko da eta ateak itxita egingo dute uneoro, neskaren intimitatea babesteko.

Biktimaren abokatuak 24 urte eta 9 hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du auzipetuentzat; akusazio partikularrek, aldiz, 25na urte.

Fiskaltzak, ostera, 22na urte eta 10 hilabeteko kartzela-zigorra galdegin du bost gizonetako bakoitzarentzat (espetxean daude bostak).