Itxi

Gizartea

Aldarrikapena

Haurreskoletako greba deitu dute ostegun honetarako

Agentziak | Erredakzioa

Gaur egun duten 'egoera larria' konpontzeko 'benetako' negoziazio-prozesua abiatu dadila eskatu nahi dute.

  • Haurreskola bateko artxiboko argazkia

    Haurreskola bateko artxiboko argazkia. EiTB

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuak greba egingo dute haurreskoletan ostegun honetan, azaroaren 9an. Bai Eusko jaurlaritzak bai Haurreskolak Patzuergoko gerentziak ez dutela gaur egungo "egoera larria" konpontzeko inolako neurririk proposatu kritikatu dute ordezkari sindikalek. Horrenbestez, lan baldintzak hobetzeaz gain, egungo beharrizanei benetan erantzuteko "negoziazio prozesua" abiatzea eskatu dute.

Lorea Igartua LAB sindikatuko ordezkariak gaur eskainitako prentsaurrekoan kritikatu duenez, "Haurreskoletako langileok soldatak eta hitzarmena izoztuta ditugu 2009. urteaz gero. Hori dela eta, beharrezkoa iruditzen zaigu hainbat neurri adostea egoera konpontzeko".

Hala, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek administrazioko langileen eta hezitzaileen egonkortasuna bultzatu nahi dutela gogoratu du. Era berean, honako helburu hauek azpimarratu ditu: geletan berdintasun irizpideak ezartzea, ordezkapenak bertaratze orriarekin ez baldintzatzea, lizentziak, baimenak eta egun libreak ordezkatzea, eta haurreskola txikietako familiei ere zortzi orduko zerbitzua ziurtatzea.

Borroka astea

Aste osoan zehar haurreskoletan zenbait ekintza antolatu dituztela iragarri dute. Bihar, azaroaren 7an, "mezu elektroniko eta fax ugari" bidaliko dizkiote Cristina Uriarte Eusko jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari eta Maite Larrañaga Haurreskolak Patzuergoko gerenteari, "aldarrikapenak islatzeko".

Asteazkenean, ebakuazio-simulazioa egingo dute haurreskola guztietan.

Ostegunean egingo dute greba. Egun horretan, STEILAS, ELA eta LAB bilduko dira Eibarren, Haurreskolak Patzuergoko egoitzaren parean, elkarretaratzea eta autoekin osatutako karabana antolatzeko.