Gizartea
Epaiketa Belgikan
4 urteko kartzela zigorra, Hodei Egiluzi lapurreta egin ziotenentzat
EiTB
Bestalde, mugikorra erosi zuen emakumeari 6 hilabeteko espetxe-zigorra ezarri dio Anberesko epaitegiak.
Anberesko epaitegiak lau urteko kartzela-zigorra ezarri dio gaur Hodei Egiluzi zorroa lapurtu zionari; mugikorra kendu zioten biei, berriz, 3 urte eta 3 hilabeteko espetxe-zigorra ezarri die. Ostegun honetan, lapurreta soilik epaitu dute, ez gazte bizkaitarraren desagerpena eta heriotza.
Bestalde, mugikorra erosi zuen emakumeari 6 hilabeteko espetxe-zigorra ezarri dio Anberesko epaitegiak. Hodeiren gurasoak bertan egon dira, epaiketa bertatik bertara jarraitzen, eta zigor gogorragoak nahi zituzten.
Horrela, auzitegiak lau urteko espetxe-zigorra ezarri dio Mohamed Youssef Mabtouli. Era berean, Jaouad M. eta Youssef M. 40 hilabeteko kartzela-zigorra (hiru urte eta lau hilabete) ezarri die.
Bestalde, Carmen Trimbitasi sei hilabeteko espetxe-zigorra ezarri diote. Emakumeak lapurtutako mugikorra 60 euroren truke erosi zion lapurretako bati, bere alabaren mutil-lagunari.
Lau auzipetuetatik hiru ez dakite non dauden oraindik; Youssef Mabtoul bakarrik Lovainako kartzelan dago; izan ere, beste sei epaik zigortu dute.
Lau urte bete dira ostegun honetan Hodei Egiluz azkenekoz ikusi zutela Anberesko kaleetan, Belgikan. Gaur hartan, desagertu aurretik, bi lapurreta egin zizkioten: lehenengo telefono mugikorra kendu zioten, eta gero, diru-zorroa.
Gaurko epaiketan lapurretak bakarrik epaitu dituzte. Hodeiren desagerpena eta heriotza oraindik ez dituzte epaitu, eta horrek nahigabe handia sortzen dio Egiluz familiari, Hodeiren gurasoen ustez harreman zuzena baitago lapurreten eta heriotzaren artean.
Egiluz informatika ingeniaria zen eta Belgikako hirian bizi zen 2013ko hasieratik. Desagertu zen gauean bi aldiz lapurreta egin zioten. Belgikako Poliziak, familiak eta lagunek 853 egun eman zituzten Hodeiren bila. Azkenean, gaztearen gorpua Eskalda ibaian agertu zen.
Irailaren 21ean egindako epaiketaren sententziaren berri izan ondoren, Hodeiren desagerpenaren laugarren urteurrenak “bere memoriaren oroimena dakarkigu”, azpimarratu du Ibon Uribe Galdakaoko alkateak.