Itxi

Gizartea

Bilboko portua

Arma esportazioaren aurkako protesta egin du Greenpeacek Bilboko portuan

Agentziak | Erredakzioa

Bilboko portutik ateratzen diren ontzietan Arabia Saudira armak bildaltzen dituztela salatu du Greenpeacek.

  • Arma esportazioaren kontrako protesta egin du Greenpeacek Bilboko portuan. Argazkia: Greenpeace

    Arma esportazioaren kontrako protesta egin du Greenpeacek Bilboko portuan. Argazkia: Greenpeace

Greenpeaceko ekintzaileek arma esportazioaren kontrako protesta egin dute gaur Bilboko portuan, "Ez dugu konplize izan nahi" lelodun pankarta handi bat zabalduta.

Greenpeacek salatu du Estatu espainiarrean egindako armak Arabia Saudira bidaltzen dituztela Bilboko portutik ateratzen diren itsasontzietan.

Protesta eguerdian hasi dute, Arabako enpresa batean ekoitzitako armaz eta lehergailuz betetako kontainer handi batzuen gainera igota.

Sei orduz egon dira bertan, baina, azkenean, armamentu guztia Arabia Saudiko 'Bahri Tabuk' ontzian kargatu dute.

"Arma salerosketaren inguruan dagoen iluntasunaz ohartarazi nahi dugu, baita legez kanpoko jarduera baten aurrean gaudela ere, arma horiek zibilen aurka erabili ditzaketelako", azpimarratu dute.

Ildo horretan, erakunde ekologistak gogora ekarri du, legedia aintzat hartuta, Estatuak ezin duela arma esportaziorako baimenik eman, "arma horiek bakea hausteko erabiliko badira".

Horrela bada, Greenpeacek gogor gaitzetsi du Alderdi Popularrak, PSOEk eta Ciudadanosek Espainiako Kongresuan izan zuten jarrera, Arabia Saudiri armak saltzeari uko egiteko proposamena baztertzeagatik.

Armen esportazioa kontrolatzeko sistemak hutsik egiten ez duela egiaztatzeko eskatu dio Greenpeacek Diputatuen Kongresuari.