Gizartea
Mobilizazioa
Zubietako erraustegiaren aurkako giza katea egin dute Kontxako hondartzan
Agentziak | Erredakzioa
Dozenaka pertsonak hartu dute parte erraustegiaren kontrako mugimenduak antolatutako mobilizazioan.
-
Dozenaka pertsona izan dira Kontxako giza katean. EiTB
Dozenaka pertsonak giza katea osatu dute gaur goizean Donostian, Kontxako hondartzan, Zubietako erraustegiaren eraikuntzaren aurka protesta egiteko. Kontxako Banderaren egun berean antolatu dute ekimena.
Mobilizazioan parte hartutako pertsonek ezabatutako erraustegiaren irudia duten hainbat globo eraman dituzte, baita azpiegitura horren aurkako kartelak ere. Horrez gain, "errausketarik ez" esaldia osatu dute, hizki erraldoiak erabilita. Besteak beste, Ezker Anitza-EB, EH Bildu eta Ahal Dugu alderdietako kideak izan dira.
Errausketaren kontrako Gipuzkoako mugimenduak deitutako ekimena 11:30ean abiatu da, Kontxako Banderaren emakumezkoen proba jokatzen ari ziren bitartean.
Maria Luisa Sanchez Gipuzkoako errausketaren aurkako Koordinakundeko bozeramaileak Europa Press agentziari esandakoaren arabera, Zubietako erraustegiaren aurkariek "13 urte daramatzate giza kate hau egiten", eta erakundeek "jaramonik ez" dutela egiten gogoratu du.
"Lanak hasi dituzten arren, erraustegia ez dadila egin aldarrikatzen dugu eta jarraituko dugu", baieztatu du. Sanchezen esanetan, batetik, hondakinak erraustea "oso garestia da" eta gipuzkoarrak "hipotekatuko" ditu "2051. urtera arte"; bestetik, berriz, "ingurugiroa kutsatzen du, eta ikerketek erakusten dutenez, oso kaltegarria da osasunarentzat".