Gizartea
Hondarribiko Alardea
Ertzaintzak Kale Nagusian ere babestea eskatu du Jaizkibel konpainiak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alarde parekideak ohartarazi du Alarde baztertzailearen jarraitzaileek plastiko beltzak jarriko dizkietela berriz ostiral honetan.
-
Alarde baztertzailearen aldekoak, Alarde parekidearen aurka protesta egiten, iaz. EFE
Hondarribiko Jaizkibel konpainia parekideak ostiral honetako Alardean Kale Nagusian babes neurriak mantentzea eskatu dio Ertzaintzari.
Agiri batean, emakumeak soldadu gisa ere onartzen dituen Alardeak "kezka" agertu du, Ertzaintzak jakinarazi baitio Segurtasun Sailak ertzainak kendu egin nahi dituela Kale Nagusitik, desfileak irauten duen bitartean.
Horren esanetan, "Ertzaintzarekin adostutakoa hitzez hitz bete" izan dute azken bi hamarkadetan, eta "komunikazio kanalak" erraztu dituzte dena "normaltasun osoz" joan dadin.
Gainera, Jaizkibelek ohartarazi du Alarde baztertzailearen (emakumeak kantinera gisa soilik onartzen dituena) jarraitzaileek berriz ere jarriko dituztela plastiko beltzak, emakume soldaduen aurka protesta egiteko.
"500 hondarribiarren segurtasuna ezin da apustu pertsonal baten menpe egon", aldarrikatu du Alarde parekideak, eta, horrenbestez, Kale Nagusian babes neurriak mantentzeko deia egin dio Ertzaintzari.
"Ez ditugu guk eragin plastiko beltzak, ez irainak, ez bultzadak; helburua ez da Ertzaintzaren babesa beharrezkoa izan dadila", nabarmendu dute.