Gizartea
Terrorismoaren aurkako martxa
Milaka pertsonak terrorismoaren aurkako oihua zabaldu dute Bartzelonan
Agentziak | erredakzioa
Milioi erdi lagun inguru bildu dira 'No tinc por' ('Ez daukat beldurrik') leloa duen pankarta atzean.
Milioi erdi pertsonak lepo bete dute Bartzelonako erdigunea larunbat arratsalde honetan "No tinc por" ("Ez daukat beldurrik") leloa zeukan pankartaren atzean, joan zen astean Katalunian (Bartzelonan eta Cambrilsen) gertatu ziren atentatuak gaitzesteko.
"No tinc por" leloa zeraman pankarta. Argazkia: EFE
Manifestazioaren buruan segurtasun indarretako (Esquadra Mossoak, Polizia Nazionala, Guardia Zibila eta tokiko poliziak) joan dira, eta haiekin batera izan dira larrialdietako zerbitzuak zein beste hainbat gizarte erakundeetako ordezkariak ere, 15 hildako eta 120 zauritu eragin zituzten abuztuaren 17ko atentatuetan protagonismoa izan zutenak, hain zuzen ere.
Atzerago agintari politikoak joan dira. Horien artean izan dira Felipe VI Espainiako erregea, Espainiako eta Kataluniako presidenteak (Mariano Rajoy eta Carles Puigdemont), Ada Colau Bartzelonako alkatea eta autonomia erkidegoetako presidenteak (Iñigo Urkullu lehendakaria eta Uxue Barkos Nafarroako presidentea, tartean). Erregearen, Rajoyren eta haren Gobernuko ministroaren heldueran txistuak entzun ahal izan dira, baita "kanpora, kanpora" oihuak ere.
Agintari politikoa manifestazioan. Argazkia: EFE
Horrez gain, Espainiako erregea eta Madrilgo Gobernuko kideak bertan egotearen kontra zeuden kolektiboek bi pankarta urdin handi zabaldu dituzte: "Zuen politikak, gure heriotzak" eta "Felipe VI.a eta Gobernua, arma trafikoaren konplizeak" irakur zitezkeen beraietan.
Felipe VI.aren aurka zabaldu den pankartetariko bat. Argazkia: EFE
Gainerako pankartek indarkeria eta terrorismoa gaitzesteko mezuak irudikatu dituzte, eta Bartzelona hitza zuten kamiseta anitz ikusi ahal izan dira, zeintzuetan "l" letra dolu-xingola beltz batez ordezkatuta zegoen.
Manifestua
Manifestazioaren burua Katalunia plazara heldu denean, martxaren azken ekitaldiari eman zaio hasiera. 10 minutu inguru iraun duen ekitaldi horretan Pau Casalsen musika entzun eta Federico Garcia Lorcaren eta Josep Maria de Sagarraren testuak irakurri dira.
Ekitaldia gidatzen Rosa Maria Sarda aktorea eta Miriam Hatibi (Ibn Battuta elkartearen bozeramailea) egon dira, eta manifestua irakurri dutenean aipamen ugari egin dizkiote "Ez daukagu beldurrik" leloari.
Rosa Maria Sarda eta Miriam Hatibi manifestua irakurtzen. Argazkia: EFE
"Gaur hemen gaudenok 'Ez daukat beldurrik!' oihukatzera etorri gara ozen eta aho batez" esanez ekin diote agiria irakurtzeari.
Horrenbestez, manifestuak garbi erakutsi du Bartzelonak ez duela beldurrik "biktimen aldeko dolua erakusteko zein ekintza koldar horren eragina pairatu duten familienganako elkartasuna adierazteko".
"Ez daukagu beldurrik krimen horiek errefusatzeko. Heriotzaren eta suntsiketaren bidez izua hedatzea besterik ez dute xede, gure elkarbizitza eredua apurtzeko asmoz", gaineratu dute.
Elkarretaratzea, Bilbon
Hainbat emakumezko musulman bildu dira gaur Bilboko udaletxe aurrean "Izuaren, gorrotoaren eta gerren aurka. Ez gure izenean" lelopean. Emakume Musulman Independenteak izeneko kolektiboak deitu du elkarretaratzea, eta Bizkaiko SOS Arrazakeria eta Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteen babesa izan du.
"Nahiz eta janzteko orduan edota erlijioari dagokionez desberdinak garen, jende arrunta gara, ez gara terroristak eta ez daukagu ezer desberdinik besteekin alderatura" adierazi nahi izan dute.
Bilboko elkarretaratzea. Argazkia: EFE
azkia: EFE