Gizartea
Kataluniako atentatuak
Ertzaintzak 4. alerta maila ezarrita dagoela azpimarratu die unitateei
Agentziak
Polizia autonomikoko eta Segurtasun Saileko arduradunek segurtasun neurriak kontu handiz zaintzeko eskatu diete agenteei.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saila eta Ertzaintzaren goi arduradunak Katalunian izandako atentatuen “jarraipen etengabea” egiten ari dira, eta Polizia autonomikoaren unitate guztiei komunikazio bat helarazi diete, “4. alerta mailan gaudela gogorarazteko” eta “indarrean dauden segurtasun neurri guztiak muturrera eramatea eskatzeko”.
Estefania Beltran de Heredia buru duen Sailak iragarri duenez, sailburua, Segurtasun sailburuordea eta Ertzaintzaren goi arduradunak gaur, ostiralarekin, bilduko dira, “Bartzelonatik jasotzen ditugun informazioek erakusten diguten egoera balioztatzeko”.
“Aurreikusitako neurriak”
Gainera, Radio Euskadiri egindako adierazpenetan, Beltran de Herediak segurtasun neurriak muturreraino eraman behar direla errepikatu du; izan ere, “horren alerta maila altuari denbora oso luzean eutsita, erlaxatzeko berezko joera izaten da”. “Horregatik, garrantzitsua da berriz errepikatzea, eta noizean behin hala egitea, zein diren hartu behar diren neurriak”, adierazi du.
Bartzelonako atentatuaren ostean Ertzaintzaren agenteak Bilboko kaleetan zabaldu izanari buruz, sailburuak esan du “aurreikusitako neurriak” direla.
“Iaz ere, erantzun azkarreko hainbat patruila eta zenbait talde berezi jarri genituen martxan, atentaturik edo berehalako erantzuna eskatzen duten bestelako gertakaririk izanez gero erantzun berehalako eta azkarra eman ahal izateko. 4. alerta mailari dagozkion neurriak dira”, esan du.
Katalunian egindako atentatuetan eta gisa horretako guztietan, “ahalik eta kalte gehien eta handienak egitea izaten da helburua. Erabilitako modus operandi-an ikusten dugu hori eta, batik bat, helburu jakinik ez dutela. Hori dela eta, une jakin batean Euskadiren gaineko mehatxu zehatzik ez badago ere, arriskua orokorra da, nahiz eta ez daukagun daturik pentsatzeko Euskadiren aurkako arrisku jakinik dagoenik”.