Gizartea
Astronomia
Pertseidak, eklipseak… Abuztuan behaketa astronomiko ugari izango ditugu
Eitb.eus
Hilabete honetan izango ditugu astronomia zaleek gehien espero dituzten behaketak, eta ‘Done Laurendiren malkoak’ edota eguzki eklipsea horren adibide dira.
-
Pertseidak (2016). Argazkia: EFE
Hilabete honetan izango ditugu astronomia zaleek urtean gehien espero dituzten behaketa astronomikoak, eta ‘Done Laurendiren malkoak’ edota erabateko eguzki eklipsea horren adibide argia dira.
Dena dela, horiek ez dira abuztuan izango ditugun behaketa astronomiko bakarrak, izan ere, abuztuaren 21ean ezohiko gertaera berezia izango dugu munduan: erabateko eguzki eklipsea. Halaber, egun batzuk besterik ez ditugu itxaron beharko ilargiaren eklipse partziala ikusi ahal izateko (abuztuaren 7an).
Pertseidak: Abuztuak 12-13
Pertseidak edo Done Laurendiren malkoak abuztuaren 12an eta 13an ikusi ahal izango dira, baina 12an egongo dira argien ikusgai. Alabaina, aurten ilargi betea izango dugu egun horietan, eta, iaz ez bezala, zailagoa izango da pertseidak ikustea.
[Zure interesekoa izan daitekeelakoan: Pertseidak ikusteko gida]
Swift-Tuttle kometa berotzen den bakoitzean bere atzetik hauts partikulak uzten ditu. Meteoro txiki horiek abiadura handian sartzen dira atmosferan, eta, ondorioz, izar iheskorrak sortzen dira. Hauts partikula horiek oso txikiak dira, askok harea-pikor baten tamaina dute.
Kometa bat Eguzki Sistemara hurbiltzen den bakoitzean, eguzki-erradiazioaren eraginez horren nukleoa (izotzez eta haitzez osatuta) desegiten da, eta gasez eta hautsez osatutako partikula txikiak sortzen dira, eta kometaren orbitan zehar sakabanatzen dira.
Abuztuaren 11tik 13ra bitartean izan ohi da pertseidak argien ikusteko egunik onena, baina fenomeno horren intentsitatea nabarmen murrizten da uztailaren bigarren astetik abuztuaren azken astera bitartean.
Eguzki eklipsea: Abuztuak 21
Aurten ikusiko dugun eguzki eklipsea aparteko ikuskizuna izango da munduan. Amerikako Estatu Batuetan erabatekoa izango da, eta partziala, berriz, ondorengo tokietan: Erdialdeko Amerikan, Hegoamerikako iparraldean eta Europan.
Ilargiak Eguzkia osorik estaltzen duen bakoitzean gertatzen da ikuskizun astronomiko hori, gure izarraren eta Lurraren artean jartzen baita.
Eguzki eklipsea denbora luzez ikusi ahal izateko, zerua ahalik eta garbien egotea komeni da. Arrazoi horregatik, puntu geografiko altuenean egotea da aukera onena.
Eklipsea ikusteko unean izarra zuzenean ez ikustea, etxean egindako iragazkiak saihestea, eta homologatuta dauden betaurrekoak ez erabiltzea aholkatu du NASAk
Ilargi eklipsea: Abuztuak 7
Egun batzuk itxaron behar ditugu bakarrik ilargiaren eklipsea ikusi ahal izateko. Asian, Afrikan, Ozeanian eta Antartidan ikusiko da argien. Aurretik aipatutako bi horiek baino zirrara gutxiagoa sortzen duen behaketa astronomikoa izango da, eklipse partziala izango baita (soilik azalaren % 25ari dagokiona).