Itxi

Gizartea

Done Laurendiren malkoak

Abuztuaren 12an izango da Pertseidak ikusteko egunik aproposena

Agentziak | Erredakzioa

Abuztuaren 12an eta 13an agertuko zaizkigu argien. Ikuskizunaz gozatzeko unerik egokiena da.

  • Pertseidak Gaztelugatxen. Argazkia: Aritz Atela

    Pertseidak Gaztelugatxen. Argazkia: Aritz Atela

Pertseidak edo Done Laurendiren malkoak abuztuaren 12an eta 13an ikusi ahal izango dira, baina 12an egongo dira argien ikusgai. Irakur ezazu Pertseidak ikusteko gida.

Iaz ez bezala, aurten ilargi betea izango dugu egun horietan, eta, hortaz, zailagoa izango zaigu malkoak ikustea

Urtero ikus daitekeen fenomenoa da. Sasoi horretan, Swift-Tuttle kometak utzitako hautsak zeharkatzen du Lurrak. Meteoro txiki horiek abiadura handian sartzen dira atmosferan, eta, ondorioz, izar iheskorrak sortzen dira.

Swift-Tuttle kometa 133 urtetik behin hurbiltzen da Eguzkira, eta 1992ko abenduan igaro zen azken aldiz bertatik gertu. "Lurrak horren orbita zeharkatzen duen bakoitzean, Swift-Tuttle kometa berotu egiten da eta hauts partikulak uzten ditu bere atzetik", azaldu du Alejandro Sanchez ikerlariak.

Kometak uzten dituen hauts partikula horiek oso txikiak dira, askok harea-pikor baten tamaina dute, eta Lurrarekin topo egiten dutenean, 210.000 kilometroko abiaduran sartzen dira atmosferan.

Talka horrek, segundo batean 5.000 gradura hel daitezkeen muturreko tenperatura altuak eragiten ditu. Hori dela eta, atmosferan sartzen diren hauts partikulak desegin egiten dira eta argi-distirak sortzen dira: izar iheskorrak.

Izar-jasak ikusteko aukerak

Orokorrean, Pertseiden izar-jasarekin gozatu ahal izateko, toki ilun bat aukeratzea komeni da, baina ilargiak behaketa hori oztopatuko du aurten. Horrenbestez, Done Laurendiren malkoak ikusteko aholkuak ematen dituzten giden arabera, abuztuaren 12tik 13ra bitarteko gauean, 02:00etatik aurrera izango da izar iheskorrak ikusteko unerik onena.

Pertseidak ikusteko ez da teleskopiorik edo bestelako tramankulurik behar, gure begiekin nahikoa baita, eta horiek ondo ikusteko lekurik aproposenak hirigune eta herrietatik urrun daudenak dira.