Gizartea
Hondarribiko aireportua
Vuelingek Hondarribian hegaldiak eskaintzen segituko du, lanak egin artean
Agentziak | Erredakzioa
Hondarribiko aireportuko pista egokitu egin behar dute, hegazkinak lurreratzea eta aireratzea segurua izango dela bermatzeko.
Hondarribiko aireportuak pista egokituko du abenduan segurtasun ziurtagiria jaso eta etorkizunean hegaldiak eskaintzen jarraitu ahal izateko. Azken urtean aireportuaren etorkizuna zalantzan egon da, segurtasun neurriak betetzen ez zituela eta.
Gainera, obra horiek gauzatu bitartean, Vuelingek hegaldiak eskaintzen segituko du eta, ondorioz, aireportuko jarduera ez du etenik jasango.
Arantza Tapia Lehiakortasun sailburu eta Ortzibiako presidenteak egin du iragarpena, Manuel Ambriz Vueling Networkeko zuzendariarekin eta Julian Camara Aenako aireportuen hirugarren taldeko zuzendariak elkarrekin eman duten prentsaurrekoan.
Azken urtean Aena, Vueling eta Ortziabia sozietatea (Gipuzkoako Diputazioa; Donostiako, Irungo eta Hondarribiko udalak; eta Gipuzkoako Komertzio Ganbera) "borondate onenarekin" eta "konponbide onena" bilatu nahian lanean aritu direla azpimarratu du Tapiak. "Emaitza ona da guztiontzat", erantsi du.
Hondarribiko aireportuko pista egokitzeko lanak egindakoan, operatibotasuna ahalbidetuko da eta hegazkinak aireratzeko eta lur hartzeko "segurtasun maximoa" bermatuko da. Agerian gelditzen denez, "Hondarribiak etorkizuna du, beste merkatu batzuetara sar daiteke eta atzean utzi du 2016an hasitako ziurgabetasun garaia".
2017a amaitzerako pistaren luzera 300 metro murriztearen beharra jakinarazi dio aurten Aireko Segurtasunerako Europako Agentziak AENAri. Hori dela eta, erreaktoreak Hondarribian aritzeko aukera zalantzan dago.