Gizartea
Ustelkeria futbolean
Villar eta haren semea kartzelan sartzeko eskatu du Fiskaltzak
Agentziak | Erredakzioa
Fiskaltzak uste du gutxienez 45 milioi eskuratu zituztela Espainiako Futbol Federazioaren bidez.
-
Guardia Zibilak atxilotu zuen Angel Maria Villar. Argazkia: EFE
Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak Angel Maria Villar eta haren semea, Gorka Villar, behin-behinean eta bermerik gabe espetxean sartzeko eskatu du.
Fiskaltzak uste du gutxienez 45 milioi euro eskuratu zituztela Espainiako Futbol Federazio beren mesedetan erabilita.
Aita-semeek 10:00etatik 13:30era bitartean deklaratu dute Inmaculada Violan eta Esther Gonzalez fiskalen aurrean, Auzitegi Nazionalean. Ondoren, kautelazko neurriak eskatzeko saioa egin dute. Santiago Pedraz epaileak erabakiko du kartzelan sartu ala ez.
Angel Maria Villar, Gorka Villar, Juan Padron Espainiako Futbol Federazioko presidenteordea eta Ramon Hernandez Baussou Tenerifeko Futbol Federazioko idazkari nagusia goizean goiz eraman dituzte Auzitegi Nazionalera. Asteartean atxilotu zituztenetik Guardia Zibilaren esku egon dira.
Angel Maria Villar 08:00etan eraman dute Auzitegi Nazionalera. Gainerako hirurak 09:30 aldera iritsi dira.
Goiz guztia igaro dute Pedraz epailearen zein bi fiskalen galderak erantzuten. 15:20 inguruan Padron ari zen deklaratzen.
Lauek uko egin zioten Guardia Zibilaren galderak erantzuteari atxilotuta egon ziren bitartean. Ikerketaren arabera, gutxienez 45 milioi euro irabazi zituzten Espainiako Futbol Federazioa euren interesen mesedetan erabilita.
Azken urteotan asko izan dira Angel Maria Villar inguratu duten ustelkeria eskandaluak, besteak beste FIFArena, baina beti saihestu ditu guztiak, joan den asteartean, Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiak 2016ko urtarrilean jarritako salaketa baten ondotik, atxilotu egin zuten arte.
Ikertzaileek uste dute Villarrek komisioak kobratzen zituela Espainiako futbol selekzioaren partidak antolatzearen truke eta Espainiako Futbol Federazioko presidentek karguak ematen zion ahalmena erabiltzen zuela bere semearentzako kontratuak lortzeko.
Gorka Villar kirol abokatua da eta bere izenean zenbait enpresa ditu. Komisioetan jasotako dirua enpresa horietara bideratzen zuten.
Angel Maria Villarrek 28 urte daramatza Espainiako Futbol Federazioko presidente gisa.
(Gorka Villar Guardia Zibilak atxilotu zuen. Argazkia: EFE)